Bi programa bideratu dituzte bizitzarako trebetasunak irakasteko: tailerrak eta laguntza taldea.
Sergio Corchon Gizarte Ongizateko ordezkaria Gazteekin programaren aurkezpenean.
Enpatia, estresari nola aurre egin, arazoak nola konpondu… gai horiek landuko dituzte datozen hilabeteetan, Irungo nerabeek. Gazteekin programaren barruan, bizitzarako trebetasunak erakutsiko dizkiete nerabe eta gaztetxoei hiru tailerren bidez.
Lehenengo tailerra azaroa eta abenduan egingo dute, eta komunikatzeko trebetasuna landuko dute. Hurrengoa urtarrila, otsaila eta martxoan egingo dute, eta arazoen konponketaren gaiari eutsiko diote. Azkeneko tailerra apirilean izango da: Emozioen eta Sentimenduen Maneiua.
Zazpi saio izango dira tailer bakoitzeko, eta bi psikologok gidatuko dituzte: Gema Campo eta Ion Arruabarrena. Saioak 75 minutukoak izango dira, eta ostegunetan izango dira, Gizarte Ongizateko aretoan (Mirarieta Ama kalean).
Lehenengo tailerrean eman daiteke izena dagoeneko, hilaren 20ra arte. Horretarako, 010 telefono zenbakira deitu edota
webgune honetara sartu beharko da. Tailer horiek 12, 13 eta 14 urteko gazteei zuzenduta dago.
Laguntza taldea
Gaztetxoei begira, Laguntza Talde bat martxan jarri dutela gaineratu du udalak. Hori 15, 16 eta 17 urteko gazteei zuzenduta egongo da, eta gazteen artean gogoeta egin eta esperientziak trukatzeko gune izan nahi du. Helburua nerabeek beren burua hobeto ezagutzea, harremanetan komunikatzen ikastea, eta bestearen tokian jartzen ikastea izango da. . Tailerretako psikologo berak gidatuko dute.
Izen ematea ere zabalik dago hilaren 20ra arte, eta aurrez azaldutako bi bide horiek erabili beharko dira izena emateko