Atzoko manifestazioaren hasiera, Irunen. Argazkia: Angula Berria
Frantziako Poliziaren eskuetan, atxilotuta, daude atzo
Baigorrin atxilotu zituzten Iratxe Sorzabal irundarra eta Ramuntxo Sagarzazu. Haiekin batera David Pla iruindarra nahiz Pantxoa Flores ere atxilotu zituzten, herri hartako aterpetxe batean. Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarlanean egin zuten polizia operazioa, eta Sorzabali eta Plari ETAren politika aparatuko arduradunak izatea egozten die Espainiako Barne Ministerioak. Sagarzazu, berriz, ETAko nazioarteko aparatuko buru izana da
iturri berberaren arabera. Flores, berriz, atxiloketa gertaturiko aterpetxearen jabea da, eta lekukoek azaldu dutenez, etxe horretan bertan du bizilekua.
Eguerdian hasi zuten operazioa poliziek. Hasieratik Pla eta Sorzabalen izenak jakinarazi zituzten Espainiako hainbat hedabidek, eta beste bien izenekin zalantzak izan ziren. Arratsaldean konfirmatu egin zen Sagarzazu oiartzuarra eta Flores zirela atxilo hartutako beste biak.
Baigorriko etxearen miaketa luze joan zen, aurpegia estalita zuten hainbat polizia eta atxilotuak bertan zirela. Kanpoaldean, eguna joan ahala, kazetariak erruz biltzen joan ziren informazio bila. Ezer gutxi jakin zuten bertan izan ziren hedabideetako kideek.
Bien bitartean, Sagarzazuren etxea miatu zuen atzo lau orduz Guardia Zibilak, goizaldeko ordubata arte. Era berean, 20:00etan,
elkarretaratzea egin zuten Oiartzungo plazan hamarnaka herritarrek, Errepresiorik ez, konponbidea orain leloarekin. Irunen ere mobilizazioa egin zuten, arratsean, San Juan plazatik abiatuta;
200 bat herritarrek azaldu zioten babesa Iratxe Sorzabali. Hondarribiko Abotsanitzek atzoko mobilizazioarekin bat egin, eta egingo direnetara agertzeko eskatu die herritarrei.
Bestalde, gaur, atxiloketen harira ezohiko udalbatzarra egingo dute Oiartzunen, 19:30ean hasita. EH Bilduk erregistratu duen mozioa landuko dute zinegotziek.