Udal gobernu taldeak, 2016ko aurrekontuei begira, 1,5 milioi utzi ditu irundarrek erabaki dezaten zertara bideratu. Parte hartze prozesua egingo dute horretarako.
Iazko prozesuaren saio bat
Iaz bezala, 2016ko aurrekontuen zati bat, 1,5 milioi, zertan inbertitu erabakiko dute irundarrek. Horietatik 1,3 proposamen orokorretarako izango dira, beste 200.000 euroak gazteek egindako proposamenetarako. Bi fase izango ditu prozesuak. Lehenean, ohiko batzarrak egingo dira proposamenak lantzeko —urriaren 7, 14 eta 21ean, tokiak zehaztu gabe daude—, eta behin batzar horietako proposamenak jaso eta neurtu ondoren, bigarren fasea udalaren webgunearen bidez bideratuko da: bideragarri diren proposamenen bozketa egingo da. Udalak bultzatutako egitasmoa da.
Prozesua Innova Genio enpresak gidatuko du, iaz bezala. Batzar bakoitzetik 12 proposamen onartuko dituzte, eta beste 12 udalaren webgunean jasoko direnak izango dira. Hortaz, azken bozketa, 1,5 milioiak zertan inbertitzekoa, 48 ideiaren gainekoa izango da. Gazteentzako 200.000 euroak bideratzeko prozesuan 16-30 adin tartekoek parte har dezakete.
Udal Gobernu taldeak esan duenez, prozesu hori jada beste alderdi politikoei aurkeztu diete. Bestalde, hiriko elkarte eta eragileekin batzarra egingo dute astelehenean (hilak 28), 19:00etatik aurrera, udaletxean, horren berri zabaltzeko.
2015ekoak
Iaz egindako parte hartze prozesuko 25 egitasmo ari dira aurten bideratzen, 18 prozesu orokorrekoak eta beste 7ak gazteenak. Udalak esan duenez, denak ala denak exekuzio prozesuan daude, batzuk bukatuta gainera. Hala, iaz botorik gehien jaso zuen ekarpena Eguzkitza ikastetxeko patioan estalkia jartzearena izan zen. Hil honetan eginda egongo da hori.