Emakumeen Mundu Martxaren berri emateko egin dute ekitaldia. Hilaren 30ean iritsiko da emakumeen eskubideen aldeko martxa Bidasora.
Emakumeak, hazia ereiten, San Juan plazan
Emakumeen Mundu Martxa hilaren 30ean iritsiko da Bidasora, arratsaldez. 16:00ak inguruan iritsiko da Irunera, eta bertatik bidea egingo du Hondarribira, 17:30ean geldialdia egiteko. Hurrengo egunean, urriaren 1ean, Oarsoaldean egin du bidea. Martxaren berri emateko, eta egitasmoarekin bat egiteko, hainbat emakume taldeetako kideek, borroka feminista aurrera daramaten taldeetako kideek, nahiz norbanakoek lorontzi batean etorkizunean zuhaitza izango denaren hazia erein dute Irungo San Juan plazan, emakumeen eskubideen eta berdintasunaren zuhaitza.
Zuhaitz horrek hirian izango du tokia, udalak hala erabakitzen duenean. Ekintza sinbolikoa izan da hazia ereitearena, izan ere, Emakumeen Mundu Martxaren ikur komuna hazia da, elikadura burujabetzaren aldeko borroka gogoan. Kurdistanen hasi zen martxa martxoaren 6an, eta Coimbran (Portugal) bukatuko da urriaren 17an. Tartean, Euskal Herritik, Bidasotik eta Oarsoaldetik pasatuko da, eta bertako emakumeek ekarpena egingo diote martxari, borroka feministaren berri emanaz, etorkizunari begira, emakumeen mundu mailako pobrezia eta indarkeria sexista desagerrarazteko ideien borroka landuz.
Emakumeen Mundu Martxaren webgunean gaiaren gaineko informazio zehatza aurki daiteke. Bestalde, OARSO BIDASOKO HITZAk, ostiraleko papereko edizioan Mundu Martxaren gaineko erreportaje zabala argitaratuko du.