Europako Batzordeak pobretzat jo dituen eskualdeetan inbertsioak sustatzeko plana aurkeztu du Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak
Oiartzungo industriagune bat
Europako Batzordeak pobretzat jo dituen eskualdeetan inbertsioak sustatzeko plana aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Bruselak ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskualdeak hauek dira: Oarsoaldea, Bidasoa eta Ezkerraldea-Mehatzaldea.
Indartu izena jarri diote programa berriari, eta horren berri eman du Arantxa Tapia sailburuak. Jaurlaritzak, guztira, zortzi milioi euro jarriko ditu aurten. Laguntza jaso ahal izateko inbertsio produktiboak izan beharko dute, eta enplegua sortu.
Proiektu batek hiru milioi euro arteko dirulaguntza jaso dezake. Hori bai, gehienez ere enpresak jarritako diruaren %10 finantzatuko du programak. Enpresek ez dute jasotako dirua itzuli behar izango, ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Enpresa handiei dagokienez, gutxienez hiru milioi euroko inbertsioak izan beharko dira, eta finantzazioaren laurden bat enpresaren funts propioetatik atera beharko du. Horrekin batera, gutxienez hogei lanpostu zuzen sortzea beharrezkoa izango da. Enpresa txiki eta ertainentzat baldintzak leunagoak dira. Gutxienez 750.000 euro jarri beharko dituzte, eta bost lanpostu sortu.
Dirutan gutxieneko horietara iristen ez diren proiektuei laguntzeko prest dago Jaurlaritza, baina soilik enplegu gehiago sortzen badute. Enpresa handietan ehun lanpostu eta txiki eta ertainetan 25 izango lirateke.
Laguntza berezi hauek eskatzen dituzten proiektuek bi urte arteko iraupena izan dezakete. Datorren urtean beste deialdi bat egingo dela aurreratu du Tapiak.