25 artistaren lanak bildu dituzte Menchu Galeko udako erakusketan. Historia duten lanak dira, garai baten lekukotasuna azaltzen dutenak. Bidasoko Hitza.
Menchu Gal aretoaren kanpoaldea
Menchu Gal aretoan udako erakusketa zabaldu dute.
Historia duten artelanak du izenburu, eta 25 artistaren lanen bilduma da. Horiek denek Euskal Herrian egin dute bere ibilbidea, hortaz, artelanen bidez bertako gertakari, aldaketa eta bestelakoen berri jaso daiteke. Koadroak, eskulturak eta obra grafikoak daude ikusteko.
Irailaren 27ra arte egongo da zabalik mostra, ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era. Juncal Eizagirre udaleko Kultura ordezkariak azaldu du ohikotik atertzen den erakusketan dela, aurrekoetan artista baten edo biren lanak biltzen zituztelako udako erakusketan, “baina orain 25 izen esanguratsu bildu ditugu, bertakoak. Izan ere gure helburua izan da Menchu Gal tokiko sortzaileentzako erreferente izatea”.
Erakusketaren komisario Maria Jose Aranzastik azaldu du arte garaikidea modu bat dela artistek gizartearen “konplexutasuna” azaltzeko, eta horretan ikusleak “inplikatuta” senti daitezkeela aurkituko dituzten gaiengatik.
Orotara, hainbat formatutan, 34 artelan daude ikusteko. San Telmo Museoaren, Irungo Udalaren, Xiri kolekzionistaren, nahiz Bolboko Vanguardia galeriaren funtsetatik jaso dituzte artelanak erakusketa osatzeko.