Gaur, Traineruen Euskadiko Txapelketa izango dute jokoan, 18:30ean hasita, Oarso Bidasoko traineruek.
Gaur ere arraunak gora jaso nahi dituzte berdeek
Oarso Bidasoko bost traineruk jokatuko dute gaur Euskadiko Txapelketa Lekeition. Hiru gizonetan ariko dira, Hondarribia, San Juan eta San Pedro; beste biak emakumeetan, Hibaika eta San Juan. Ez da gehiegikeria esatea bi mailetan faborito direla Oarso Bidasoko traineruak, batez ere Hondarribia gizonetan, baina emakumeetan San Juan, eta zergatik ez, Hibaika ahaztu gabe.
Gizonen bi txanda eta emakumeen bat izango dira 18:30ean (ETB1) hasiko de Euskadiko Txapelketan. Lehenak ateratzen, emakumeak: San Juan eta Hibaikarekin batera, Orio eta Zumaia ariko dira txapelaren bila arraunean.
Gizonen lehen txandan San Juan eta San Pedro berriz ere elkarren ondoan egongo dira bogan, Zierbena eta Isuntzarekin batera; txanda pasaitarren batek irabazi beharko luke.
Gizonen bigarren txandan egongo da, ziurrenik, txapela jokoan. Hondarribiak Urdaibai, Orio eta Kaiku izango ditu alboan. Aurten behintzat aurkari ezagunak. Berdeek faborito txartela dute, eta ziur, hori ez dela presioa izango Mikel Orbañanosen taldearentzat.