Txingudi Beach Rugby txapelketaren balorazio ona egin du Irun RTk

Lehen aldiz Hendaia eta Hondarribian egin dute, Rugby Club Hendayais taldeari antolakuntzan Irun RT batu eta gero. Peña Zozom eta Anglet Beach Girls taldeek irabazi dute txapelketa.

Txingudi Beach Rugby 03

Peña Zozom taldekoak, irabazleen txapela jantzita

Peña Zozom, gizonetan, eta Anglet Beach Girls, emakumeetan, izan dira aurtengo Txingudi Beach Rugby txapelketako irabazleak. Larunbatean egin zuten Ondarraitz eta Hondarribiko hondartzetan, Hendaiako eta Irungo errugbi klubek antolatuta. “Aurreko urteetan Hendaiako taldeak antolatzen zuen, euren hondartzan, baina aurten txapelketa zabaldu nahi izan da eta Irun Rtk laguntza eman du horretarako”, azaldu dute Irungo beltzek.
Txingudi Beach Rugby 02

Angeluko neskak, kopa jasotzen

Hondartza bakoitzean bina zelai prestatu zituzten eta goizean sailkapen faseak jokatu zituzten. Arratsaldean, aldiz, Hendaian egin ziren txapelketako finalak, baita gero hirugarren denbora delakoa. Orotara 30 taldek hartu zuten parte, eta irundarrek hiru talde aurkeztu zituzten, bi gizonenak eta beste bat emakumeen txapelketan. “Ez zuten gaizki egin, kontuan izanik beste aldean duten maila”. Irun RTren gizonen taldeetako bat, zilarrezko kopako finalerdietara iritsi zen. Lehen aldiz egin zen Txingudi Beach Rugby txapelketa Bidasoaren bi aldeetan eta Iñigo Camarero irundarrak oso balorazio ona egin du. “Goiz osoan ez genuen eguzkirik ikusi, eta arratsaldean galerna altxatu zen eta finalak ordubetez atzeratu behar izan ziren, baina esperientzia oso polita izan zen eta dena ondo atera zen”.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.