2015eko lehen erdian Irunbusen erabiltzaileen kopurua nabarmen hazi da iazko lehen sei hilabeteekin alderatuz, %4 denera.
Zaisa-Ospitalea lineak ditu bidaiari gehien.
Urteko lehen sei hilabeteetan nabarmen gora egin du Irunen garraio publikoa erabili dutenen kopuruak. Ekainaren 30era arte, 790.250 bidai egin dituzte irundarrek hiri barruko autobusetan, Irunbusen; iazko datua %4an gainditu du, 29.692 bidaiari gehiagorekin. 2012an lineen aldaketak egin zirenetik eman den hazkundea berretsi da horrela 2015eko lehen erdian ere.
Cristina Laborda udaleko Mugikortasun ordezkariak datu horien irakurketa baikorra egin du: “Aurreko hilabeteena bidaiari igoera apalagoa izan duten lineek ere nabarmen egin dute gora. Tendentzia baikorra da. Errekorrak egiten ari gara”.
Lineaz linea, igoeraren zenbakiak honakoak dira:
- L1 linea (Zaisa-Ospitaleak): urteko lehen sei hilabeteetan 583.187 erabiltzaile izan ditu, iazko epe berean baino 14.180 gehiago.
- L2 linea (Erdialdea-Katea auzoa): 2015eko ekainaren 30era arte 165.942 bidaiarik erabili dute, iaz baino %8 gehiago.
- L3 linea (San Juan-Olaberria-Artia): 38.554 bidaiari izan ditu lehen seihilekoan, iaz baino 2.000 gehiago.
- Gautxori: 2.567 irundarrek hartu dute asteburuetako gaueko linea, “datua errekorra da” esan du udalak.
- Landa eremurako autobusa: aldez aurretik erabiltzeko eskaera egin behar da. Urtarriletik ekainera 2.178 pertsonak erabili dute, iazko 19.59en aldean.
Mugi txartela
Labordak esan duenez, Mugi txartela erabiltzen dute Irun barruko autobusen bidaiarien %80k, “txartela sortzeak erakargarriago egion du garraio publikoa erabiltzea, deskontu eta abantaila asko dituelako”. Irunen 31.334 txartela daudela esan du udaleko ordezkariak, hau da, irundarren erdiak du Mugi.