Zazpi urte eman zituen Txinan ekialdeko artista izan nahi zuelako. Euskal Herrira itzulita, AEBetan bukatu du Judas Arrietak, Boiseko euskal jaiari lotutako egonaldi artistikoa burutzeko. Far Westean, ekialdeko sentitzea lortu du
Bost urtean behin euskal Jaialdia egiten dute AEBetako Boise hirian. Azkena 2010ean egin zuten, eta hortaz, aurten berriro egingo dute. Festa handia izaten da, diasporako milaka euskaldun biltzen dituena. Euskal herritar askok ere parte hartzen dute, kirol eta kultur arlokoak batez ere. Hilaren 28tik abuztuaren 2ra egingo dute
2015eko Jaialdia, baina bada hegazkina lehenago hartuko duenik. Esaterako, Judas Arrieta artista hondarribiarra duela hilabete iritsi zen Idahoko hiriburura, egonaldi artistikoa burutzeko.
Arrietak Oarso Bidasoko Hitzari kontatu dionez, hango gazte talde batek egitarau alternatiboa antolatzea erabaki zuten, Jaialdia aberasteko: “Duela urtebete Basque Tribune aldizkarian elkarrizketa egin zidaten. Elkarrizketa hura irakurri zuten Boisen eta interesgarria iruditu zitzaien. Jaialdia ‘hiperesukaldunak’ diren gauzetan oso errotuta dago, eta nire proposamena desberdina iruditu zitzaien, euskalduna izan arren, nire erreferenteak kanpokoak direlako”. Eta deitu zioten.
Boisen egindako lanetako bat
Duela hilabete hasi zuen Arrietak arte egonaldia Boiseko
Ming Studios galerian, eta iritsi bezain pronto hasi zen marrazten. “Marrazkiak, koadroak, skate taulak… 07:30etik arratsaldeko bostak edo seiak arte egoten naiz estudioan”. Hilaren 24an inauguratuko du erakusketa eta urduri dagoela onartu du, “egunak oso azkar joaten ari zaizkit”. Abuztuaren 2ra arte, Jaialdia amaitu arte, irekiko du eta bisita gidatuak egingo ditu. Horrez gain, hitzaldi pare bat emango ditu hirian eta abuztuaren 8an skate taulak kustomizatzen ikasteko tailerra eskainiko du. Irungo
JART Skateboards ekoizle ezagunak bidali dizkio taulak, debalde.
‘Boiseland’ sortu nahi du
Ordutegi aldaketaz harago, bizitza berrira pixkanaka-pixkanaka moldatzen ari da hondarribiarra. “Gidatzeko baimenik ez dut eta niretzat gogorrena hori izan da, hemen distantziak oso handiak direlako”. Bestela, ez du bizitza oso desberdina egiten. Goizero alaba ikastolara eramaten du, “euskaraz eta ingelesez aritzen dira”, eta ondoren tailerrera joaten da, marraztera. Sortzen duen guztia sarera igotzen du, “
Facebook eta
Instagram-era, prozesu osoa, lehen zirriborrotik marrazkia bukatzeraino”.
Boisera joan aurretik proiektu bat prestatu behar izan zuen, hango gazteek bere asmoen berri eduki zezaten. Ikerketa burutu zuen “hiriari, historiari, aitzindariei buruzkoa, eta abar”, eta proiektuari eta erakusketari
Boiseland izena jartzea erabaki zuen. “Interneten bilatu eta ‘Boiseland’ hitza ez da existitzen, eta nik sortzea erabaki nuen, Boise alternatibo bat nire obren bidez plasmatutakoa, euskaltasuna, Boiseko aitzindariak, indioak… kultura desberdinen amalgama bat”.
Hala, orain arte Boiseko estudioan egin izan dituen marrazkietan, diasporari buruz zituen aurreiritziak eta hango euskaldunek Euskal Herriaz duten ikuspegia uztartuta ageri dira. “Euskal Herrian bizi garenontzat Boise zer den aztertzen hasi naiz, diaspora zer den, AEBak zer diren… eta hor tartean kortozirkuitu ugari daude, telefono puskatu moduko bat, zer den euskaltasuna, nola bizitzen den euskaldun izatea alde batean, eta nola bestean”, erantsi du Hondarribiko artistak.
‘Boiseland’ erakusketarako koadro handiak sortzen hasi da Judas Arrieta
Eta onartu du bere marrazkiak aldatzen ari direla, orain arte erabiltzen ez zituen elementuak barneratzen hasi delako: “Politena hori izan da niretzat. Zortzi urte pasatu ditut Txinan, ekialdean, ekialdeko artista bihurtu nahian. Txina utzi eta gero, Euskal Herrira itzulita, etorri zait aukera hau, mendebaldetik, Far Westetik, eta politena da hori, nahi gabe, mendebaldean, ekialdeko artista bihurtu naizela, Euskal Herri ekialdekoa. Saiatu naiz barneratzen euskal folklore horren barruko mitoak, eta nire lanak jaso du folklore horren kutsua”.
Euskal Herri idealizatua
Bi aste falta dira Boiseko Jaiadirako, baina dagoeneko hasi dira prestaketak. “Asteburu honetan Athleticek jokatuko du Mexikoko talde baten kontra eta futbol amerikarreko zelaia moldatzen ari dira. Bestela, galerian sartuta nago eta ez naiz askotaz enteratzen ari. Ahalik eta hoberen lan egin nahi dut, jendeak goza dezan erakusketaz”. Baina bai izan du hango euskaldunekin egoteko aukera, eta Euskal Herriaz duten irudia ezagutzeko aukera izan du: “Herri mina bezalako bat dute, eta Euskal Herri idealizatu bat dute, nahiz eta zuzeneko kontaktua eduki. Buruarekin baino gehiago bihotzarekin pentsatzen dute”.
Ohikoak ez zituen elementuak erabiltzen hasi da
Hilaren 28tik abuztuaren 2ra Euskal Herri idealizatu hori Jaialdi bilakatuko da Boisen, eta bertan izango da Judas Arrieta, eta “desberdina” izango den
Boiseland erakusketa. Inaugurazioaren eguna gerturatu ahala urduritzen hasi dela onartu du: “Haurdunaldi bat bezala izaten ari da, haurra sortzen ari naiz, eta jaiotzen ikusi nahi dut, jendeak ezagutzea nahi dut”.