Lau emanaldi baino ez dituzte eskainiko, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Hondarribian
Jesus Guridi musikagile gasteiztarraren
Hamar Euskal Doinu eta Piotr Ilich Tchaikovskiren
Patetikoa 6. Sinfonia. Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) bi obra handi horiekin ausartuko da astelehenean Hondarribiko Itsas Etxean. Kontzertua 20:00etan hasiko da eta dagoeneko sarrerak Arma Plazako turismo bulegoan eros daitezke, 10 euroan.
Sortu zenetik hemezortzi urtera, heldutasunera iritsi da EGO, nahiz eta musikariak etenik gabe berritzen dituen. Baina proiektua egonkortu egin da aspaldi, eta horren seinale da aurtengo udarako aukeratu duten programa. Tchaikovski jaio zeneko 175. urteurrena ospatzen da aurten, eta Guridik
Hamar Euskal Doinu idatzi zituenetik 75 urte bete dira. Bi maisu handi eta zailtasun handiko eta emozioz beteriko bi lan hautatu dituzte. Lau emanaldi besterik ez dituzte eskainiko, Hondarribikoa eta bana EAEko hiriburu bakoitzean.
Hamar Euskal Doinu, Guridi gasteiztarraren lan garrantzitsuenetako bat da. Gazte Orkestrako arduradunen arabera, musikagilearen kalitate handiko obra adierazgarria da: “Herriaren sentipenetan murgiltzen da eta ateak zabaltzen dizkio bere sortzaile gaitasun hedakorrari. Bere euskal jatorria ospatzen du eta maisutasunez abesten du, aparteko musikagilea dela erakutsiz”.
EGO orkestrako haizeen atala
Guridik 1940an konposatu zuen obra Enrique Jorda donostiarraren omenez, eta Jorda bera izan zen Madrilgo Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria estreinaldian, 1941eko abenduaren 12an Madrilgo Monumental Cinema aretoan.
Tchaikovskiren asmakizuna
EGOk astelehenean interpretatuko duen beste lana, Tchaikovskyren 6. Sinfonia,
Patetikoa izango da. Egilearentzat, berak idatziriko obra onena da, eta musikaren historian leku berezia duen sinfonia,
Allegro baten ordez,
Adagio lamentoso luze bat erabiltzen duelako sinfonia amaitzeko, lehen aldiz erabilitako denbora izanik.
Tchaikovskyk denbora hori sortu zuen emozioz betetako obra idaztean ari zela sentitzen zuelako, eta sarritan negarrari ematen ziola onartu izan zuen.
Patetikoa, errusiarraren obra biribilena da, eta azkena, estreinaldia zuzendu eta bederatzi egunera hil baitzen Tchaikovski.