Donostiarrak asteazkenean jarritako helegitea erretiratu zuen atzo arratsaldean eta Ama Guadalupekoak ez du itzuli beharko Gipuzkoako Txapelketa-ko bandera.
Traineruen Gipuzkoako Txapelketa irabazi du Hondarribiak, orain bai. Donostiarrak jarritako helegitea erretiratu eta gero Gipuzkoako Arraun Federazioak ontzat eman du asteazkenean Donostian jokatutako estropada. Atzo arratsaldean bilera egin zuten arraun elkarteek federazioaren egoitzan, eta bilera horretan erabaki zuen Donostiarrak asteazkeneko estropadaren ondoren jarritako helegitea erretiratzea.
Donostiarra kateatuta geratu zen unea
Hortaz, Hondarribiak irabazi du bandera, eta berdeekin batera, Orio, San Juan eta San Pedro, lau ontzi horiek lehiatuko dira heldu den asteazkenean Lekeition, Euskadiko Txapelketan.
Hasiera batean estropada ontzat eta Hondarribiari bandera astintzeko eman zioten arren, atzo goizean Gipuzkoako Arraun Federazioak Donostiarraren helegitea onartu eta estropadaren emaitza bertan behera utzi zuen, elkarte guztiek baldintza beretan ez zirelako lehiatu, eta Donostiarra balizako sokan trabatuta geratu zelako, arazoa ezagutu arren, ureko epaileak beharrezko neurriak hartu ez zituelako. Horrela, federazioaren erabakiaren ostean, bezperan irabazitako bandera itzuli beharko lukete hondarribiarrek.
Baina federazioaren erabakia ez zen irmoa, eta bi eguneko epea irekitzen zen errekurritzeko. Eta epe horren barruan iritsi da soluzioa. Korapiloa askatu nahirik, federazioa klubekin batzartu zen. Bileran, Donostiarra helegitea kentzeko prest agertu zen, gainontzeko taldeen babesa jasotzeko baldintzarekin. Arraun elkarte guztiek onartu zuten donostiarren proposamena, eta helegitea erretiratuta, estropada balekoa izatea erabaki zuten.
Horrela, bi egunetan jarraian Gipuzkoako Txapelketa irabazi du Hondarribiak, asteazkenean uretan, eta atzo bulegoan.
San Miguel ligan, aurrekaria
2012an antzerako egoera bat geratu zen San Miguel Ligan, Castroko estropadan. Eguraldi txarra zela eta, probaren erdialdetik aurrera lehen bi kaleetan bogatzea asko zaildu zen, eta ohorezko txanda erlojuaren kontra egitea erabaki zuten. Tiran, Kaiku, Hondarribia eta Urdaibai irten ziren azkeneko txandan, eta Tiranek irabazi zuen bandera. Estropada ez zen ligarako puntuagarria izan, baina bandera eta diru sariak Tiranentzat izan ziren.