Gaur jokatuko da Donostian Gipuzkoako Traineru Txapelketa. Bertan, gizonetan Hondarribia da faborito nagusienetakoa, eta emakumeetan San Juanek eta Hibaikak aukera asko dauzkate gorenean ibiltzeko.

2013ko txapelketan, Hondarribia eta San Pedro
Gaur jokatuko da Donostian, 18:30ean hasita, Gipuzkoako Traineru Txapelketa. Bertan, Oarso Bidasoko traineruak faboritoen artean daude, gizonetan Hondarribia, San Juan eta San Pedro eta emakumeetan San Juan nahiz Hibaika. Baina bi kategorietan aurkari latzak izango dituzte bertakoek: gizonetan Orio da kontrario nagusia, emakumeetan Zumaia.
Azken asteburuan ligetan izan diren emaitzak ikusita, eskema errepikatuko dela antzeman daiteke gizonetan. Hondarribia eta Oriok txapela izango dute jokoan, betiere San Pedro eta San Juanen baimenarekin. Berdeek sasoiko hasi dute San Miguel Liga, eta dena ondo badoa, txapelaren jabe izateko hautagai sendoena da, baldin eta Orio gainditzen badute. Berdeen eta horien lehiarekin zer gertatzen den adi egongo dira San Juan eta San Pedro, huts egite txikiena ere baliatzeko asmoz.
Emakumeetan, azken asteburuko emaitzei erreparatuta ere, litekeena da Zumaia eta San Juanen artekoa izatea txapelaren borroka. Baina kontuz, Hibaika ere garaikur gogoz dagoelako, eta Gipuzkoakoa aukera ederra izan daiteke errenteriarrentzat denboraldiari beste kolore bat emateko.
Gainontzean, gizonetan Hibaikaren eta Oiartzungo Itsaslapurren ordezkariek ere parte hartuko dute gaurko lehian. Emakumeetan Oiartzungo ontzi urdina Kontxan izango da herrialdekoan lehian.
18:30ean hasiko da txapelketa. Orotara, bost txanda egingo dituzte, hiru ziaboga eta lau luzeko bidean. Bi txanda emakumeenak dira, beste hiruak gizonenak. Horrela daude banatuta:
Emakumeen lehen txanda
- Zarautz-Getaria
- Hernani
- Arraun-Donostiarra
- Oiartzungo Itsaslapurrak
Emakumeen bigarren txanda
- Zumaia
- San Juan
- Hibaika
- Orio
Gizonen lehen txanda
- Hibaika
- Oiartzungo Itsaslapurrak
Gizonen bigarren txanda
- Getaria
- Zumaia
- Donostiarra
- Zarautz
Gizonen hirugarren txanda
- Hondarribia
- Orio
- San Juan
- San Pedro
Palmaresa
Orotara, 43 Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu dira historian zehar. Gizonetan gehien irabazi dituena Orio izan da, 10ekin —iazkoa eta 2013koa horiek irabazi zituzten, 2012koa Hondarribiak—. Herrialdeko lehia gehien irabazitakoen artean, bigarren postuan San Pedro dago, 9rekin —azkena 2009an—, hirugarrenean Hondarribia 9rekin, eta seigarrenean Pasai Donibane Koxtape 4rekin —azkena 2003an—.
Emakumeetan, aldiz, zazpitan izan da jokoan Gipuzkoako Txapelketa. Horietatik bina irabazi dituzte Zumaiak, San Juanek eta Getaria-Tolosak, zazpigarrena Getaria-Zumaiak. Iaz eta 2012an San Juanek irabazi zuen emakumeen norgehiagoka.