Urriaren 6 eta 7an egingo dituzte jarduerak Uhinak kongresuaren barruan. Egitasmoaren bultzatzaile nagusiak Ficoba bera eta AZTI izan dira.
Jaizkibelgo labarretan, behiak.
Uhinak kongresua egingo dute Ficoban urriaren 6an eta 7an. Klima aldaketa eta itsasertzari buruzko kongresua izango da, aldaketa horrek itsas ondoko eremuetan duen eraginaz gogoeta egiteko bi eguneko jardunaldiak, alegia. Lau arlo tematiko landuko dituzte horretan, eta administrazio publikoko ordezkariak, zientzialariak eta nazioartekoa adituak egongo dira bertan.
Zehazki, EAEko nahiz Akitaniako itsasertzak klima aldaketaren ondorioetara nola presta daitezkeen izango da bi eguneko iniziatibaren ardatza. Ficobatik esan dutenez, zeregin horretan lankidetza behar-beharrezkoa izango da, “inplikatuta dauden milaka agenteren” artekoa, “klima aldaketak itsasertzean duen inpaktuari buruzko ziurgabetasunei erantzuteko bide orrian definituz”.
Honakoak izango dira lau multzo tematikoak: klima aldaketaren erronkak bereziki Euskadin eta Akitanian; efektuak eta egokitzapena itsasertzeko erabileretan; aldaketa kudeatzeko eta erabakiak hartzeko aplikatu eta garatu beharreko tresnak; eta muturreko gertakarien inpaktuak, eta itsasertzaren etorkizuneko erabileretan izan ditzakeen ondorioak. Horien berri ematen 20 hizlaritik gora egongo dira.
AZTIren ekarpena
Uhinak, Ficobak eta AZTI Itsas Berrikuntzan eta Elikaduran aditua den Zentro Teknologikoak —Pasaian du egoitzetako bat— egindako gogoetaren ondorioa da. Hala, azken erakunde horrek Uhinak-en ikuspegi zientifikoa emango du, hainbat aldetatik begiratuta. Alta, erakunde hori prest dago egiten dituen ikerketak gizartera egokitzeko, eta estrategiak definitzeko.
Jaurlaritzaren, aldundiaren, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorraren, Akitaniako Eskualde Kontseiluaren eta Hego Lapurdiko Hirigunearen babesa du kongresuak.