Hamazazpigarrenez martxan jarri du Txirrinda proiektua Hondarribiko Udalak, Decathlonekin elkarlanean. Gazteak lan mundura gerturatzea du helburu.
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa
Txirrinda proiektua martxan jarri du Hondarribiko Udalak hamazazpigarrenez. Gazteria Departamentu barruko Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak antolatu eta kudeatzen du proiektua Decathlon kirol gaien saltokiarekin elkarlanean. Helburua, gazteei lan merkatura hurbiltzeko aukera ematea da. «Gazteak lan mundura gerturatzea da proiektuaren xedea», esan du Nerea Zuazua Hondarribiko Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuaren koordinatzaileak, «garrantzitsuena, ordea, ez da soilik lan bat ematea, guretzat lana bitartekoa da, pertsona gisa indartzeko, eta ikuspuntu hori aintzat hartuta ateratzen dira gure lan proiektu guztiak».
Txirrinda proiektuak hamazazpi urte hauetan izan duen erantzunarekin «pozik» azaldu da Zuazua, «50 gaztetik gora lan egin dute honetan. Hondarribian ere arrastoa uzten du proiektuak, herritarrek ezagutzen dute egitasmoa eta kanpotik datozenek ere erabiltzen dute zerbitzua. Azkenean, gazteei lana ematen diegu proiektuarekin, baina hondarribiarrei eta bisitariei ere zerbitzua eskaintzen diegu».
Proiektuan parte hartzen duten gazteak 18 eta 20 adin tartekoak dira, eta Hondarribikoak behar dute izan. Horiek dira baldintzak. Kontratazio prozesuarekin hasteko zerrenda zabaltzen du Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuak, eta bertan izena ematen duten gazteekin elkarrizketak egiten ditu: «Aukeraketa egiten dugu eta Decathlonera joaten dira ondoren gazte horiek, saltoki horrek kontratatzen dituelako, bertako langile gisara. Lankidetza hitzarmena dute Hondarribiko Udalak eta Decathlonek, eta horri esker, hamazazpi urte daramagu proiektu honekin».
Bizikletak alokatu
Txirrinda proiektuaren egoitza Hondartza auzoan dago kokatua, Foru kalean, hain zuzen ere. Etxetxo bat da. Bizikletak alokatzen dituzte bertan lanean ari diren lau gazteek. Zabalik dago jada, eta abuztuaren 28ra arte izango da martxan. Astelehenetan izan ezik, egunero zabalduko ditu ateak, hondarribiarren zein kanpotik heldutakoen beharrei erantzuteko.
Proiektuak lan mundura gerturatu duen gazte kopurua bezala, erabiltzaile kopurua ere zehaztu du Zuazuak. Iaz, 125 alokairu kontratu egin zituzten.
Alokatzen dituzten bizikletak Decathlonek jartzen dituela zehaztu du, bestalde, zerbitzuaren koordinatzaileak, eta kontratatzen dituzten gazteek ere ikastaroa egiten dutela, Decathlonen bertan: «Bizikleten gaineko prestaketa jasotzen dute bertan, nola konpondu, sor daitezkeen arazoei nola aurre egin». Gaiaren gainean jakin beharreko guztia ikasten dute kirol saltokian, hortaz, langile izango direnek.
Prezioei dagokionez, bizikleta ordubetez alokatzeak 6 euro balio ditu, baina ordubete baino gehiagorako nahi duenari hobeto ateratzen zaio, bigarren ordutik aurrera 4 euro direlako orduro. Egun osoz ere alokatu daitezke, 18 eurogatik.
Planik «beteranoena»
Gazteei begira udaletik bultzatzen diren proiektuen artean «beteranoena» da Txirrinda proiektua. Baina bestelako iniziatibak ere badirela zehaztu du Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuko koordinatzaileak. Maiatzaren 28ra arte, adibidez, Itsasertza proiektua izan zuten martxan.
Jaizkibelgo itsasertza txukun mantentzea zen xedea, «mantenu lanak egitea inguru horretan, alegia. Beste zerbitzu batzuk egiten ez duten lan hori egin dute Itsasertzan ibili direnek. Horretan parte hartu dutenak, gehienez, 35 urte zituzten. Ez dira Txirrinda proiektuan parte hartzen duten adin tartekoak, baina gazteak dira ere».
Kontratazioak egiterakoan genero ikuspuntuari garrantzia eman diotela nabarmendu du Zuazuak. «Itsasertzan neska zein mutilak aritu dira, eta Txirrindan kontratatu dituzten lau gazteetatik bi neska dira eta beste biak mutilak. Saiatzen gara ahal dugun guztietan genero ikuspuntua kontuan hartzen».
Zuazuak proiektuaren gaineko balorazio baikorra egin du, eta horren erakusle da hamazazpi urteko ibilbidea. Urte luze horietan Txirrindan lanean aritu diren 50etik gora gazteek ere berdin baloratzen omen dute bertan izandako esperientzia: «Pozik daude bertatik pasatu diren gazte guztiak. Kontuan hartu behar da batzuentzat lehen lana dela, gehienentzat, eta lana topatzeko prozesuan sartzen dira proiektuaren bidez. Gurekin lehen elkarrizketa egiten dute, eta ondoren Decathlonen beste bat egiten dute… Lan merkatura hurbiltzen ditugu, hori baita proiektuaren helburua. Bertatik pasatu diren guztiak, esan dudan moduan, gustura izan dira Txirrindan».