Danian (Florida, AEB) jokatzen du, kiniela jokoan, eta neguan hara itzuliko da, jai alaiko obrak bukatuta. Kirol sasoiko une gozoenean dago Manex Urtasun eta Euskal Herriko udako jaialdietan disfrutatu nahi du.
Manex Urtasun
Oarso Bidasoko puntista profesional bakarra da Manex Urtasun (Irun, 1983). Udako jaialdietan jokatzen ari da, besteak beste, Hondarribian. Bi hilabete eta erdikoa da Euskal Herriko zesta denboraldia, baina bere ustez, bada potentzialik sei hilabetekoa behintzat egiteko.
Zenbat urterekin hasi zinen frontoian jokatzen?
Ibiltzen hasi nintzenetik. Aitak hona ekartzen ninduen [Urdanibiako frontoian elkarrizketatu du Hitza-k] palarekin jokatzeko, bera palista zelako. Gogoratzen dut bederatzi urte nituela zesta partida bat ikustera eraman ninduela, Donostiako Karmelo Balda pilotalekura, hortik aurrera zaletasuna piztu zitzaidan, eta hamar urterekin hasi nintzen zesta praktikatzen.
Irunen ezingo zenuke…
Ez, garai hartan Bidasoan ez zegoen zestara jokatzeko aukerarik. Baina eskolara Donibane Lohizunera joaten nintzenez, eta han aukera bazegoenez, bertan hasi nintzen zestarekin.
Atzelaria zara. Zuk aukeratu zenuen atzean jokatzea?
Hasi nintzenean atzelari bezala jarri ninduten, gero aurrean ere jokatu nuen, eta hamabost urte nituela berriro atzean jarri ninduten, gaur arte. Entrenatzaileek uste zuten atzelari izateko ezaugarriak nituela, eta horregatik jokatzen dut atzean.
Zer dohain behar ditu atzelari batek ona izateko?
Pilotan atzelariak jokoa zuzendu behar du, ondo kokatzeko erraztasuna behar du, jotzailea izatea, pazientea eta partidaren pisua bere gain hartzen jakitea.
Eta ezaugarri horietatik, zeintzuk dituzu zuk?
[Arnasa hartu du]. Beti zerbait falta zaizu, ahulguneak beti dituzu. Errebes ona dut, hori da nire ezaugarri onena, eta konstantea naiz. Eta ahulgunea, buruz burukoa, atzelari guztioi gertatzen zaigu hori, ez gaudelako tantoa egitera ohituak, erreboteatzen… Eta beti nahi izan dut eskuinagoa izatea.
Ba al duzu ereduren bat jarraitzeko?
Nire belaunaldiko atzelari guztientzat Felix Espilla izan da eredu. Nik ikusi dudan atzelari onena izan da, ikusgarria, inoiz tanto bat galdutzat ematen ez zuena. Bikotea bat edo bestea izan beti berdin jokatzen zuen, eta 48 urte bete arte goi mailako jokalaria izan zen. Eta egun, Felix ez dagoenetik, Lopez da gehien gustatzen zaidan atzelaria. Bikaina da, bikoteka nahiz buruz buruan, alderdi guztiak dominatzen ditu.
Zenbat urterekin joan zinen AEBetara?
24 urte bete berrirekin joan nintzen Daniara, Floridara. Gaztea nintzen, baina normalean jendeak lehenago egiten du debuta, 20-22 urterekin. Han egin nuen debuta, aurretik Euskal Herrian afizionatu bezala aritu nintzen, debutatzeko aukera eskaini zidaten arte, Amerikan.
Beti Danian?
Bai, normalena da kontratu bat izatea enpresa batekin, urtebetekoa izaten dena, eta hamabi hilabetez frontoi berean jokatzen duzu, txapelketa dagoenean salbu. Txapelketa nagusia urtarrilean jokatzen da, Citrus izenekoa, Orlandon. Floridako jokalari onenak eta Euskal Herriko batzuk jokatzen dute han. Eta duela urte batzuk Miami-Dania Challenge egiten zen, frontoi bakoitzeko [Miami Beach eta Dania] lau bikote onenen artean. Hori bi lekuetan egiten zen, egun batean Miamin eta beste egun batean Danian.
Miamitik gertu al dago Dania?
Oso gertu, kotxez 25 minutura.
Zu bertan bizi zara, Danian?
Bai, frontoiaren ondo-ondoan. 11 hilabete ematen ditut han eta hilabete etortzen naiz Euskal Herrira, oporretara.
Zenbat pilotari zaudete han jokatzen?
36 pilotari, horietatik 30 inguru Euskal Herrikoak. AEBetan lau frontoi baino ez dira geratzen, eta bi bakarrik irekitzen dira urte osoan, Dania eta Miami. Miamik ere 36 pilotariko koadroa du. Beste biak, Fort-Pierce eta Orlando, bi hilabetez irekitzen dituzte.
Kiniela jokoan aritzen zarete.
Bai, txapelketa guztiak kinielak dira. Adibidez, lehen aipatu dudan Citrus txapelketan, aurrelarien kiniela bat egiten da, beste kiniela bat atzelariekin, eta gainontzeko asteburuetan denak nahastuta.
Udako jaialdietan ari da paarte hartzen
Zein da zesta puntaren egoera AEBetan?
Badira urte batzuk egoera ez dela ona. Zesta, kasinoaren esku dago, txanpon-makinen esku. Zoritxarrez gure kirola apustu mota horien araberakoa da.
Dania Jai Aliven, duela bi urte Argentinako inbertitzaile batzuk sartu ziren, frontoia hartu eta goitik behera berritzeko asmoarekin, Floridako beste kasinoei konpetentzia egiteko. Hasiera batean lanak hasi arren, jokatzen jarraitu genuen, baina ikusita emaitza ez zela espero zutena, urtebetez ixtea erabaki zuten, lanak hobeto burutu eta lehenbailehen irekitzeko berriro. Noski, guretzat ez da egoera ona.
Horrek une gozoan harrapatu zintuen zu, gainera.
Bai, nire karrerako une onenean nago. 2014. urtea nire urterik onena izan zen. Azkenaldian bi aldiz irabazi dut Daniako bikotekako txapelketa, eta Citrus txapelketan oso ondo aritu nintzen iaz, bigarren geratu nintzen Angel bikotearekin, Erkiaga-Lopezen atzetik. Urtebete jokatu gabe egotea gogorra da, batez ere ikusita zesta hemen [Euskal Herrian] nola dagoen, bizpahiru hilabetez jokatzeko aukera besterik ez baitugu. Behintzat nik ez dut familiarik, eta ez da hain gogorra egiten lanik gabe egotea. Baina familia dutenentzat…
Bidasotik gora, hegoaldean baino hobeto daude?
Ipar Euskal Herrian badira urte batzuk gauzak ondo egiten ari direla, baina denboraldiak bi hilabete irauten ditu. Sei frontoi daude, Donibane Lohizune, Biarritz, Baiona, Donibane Garazi, Hossegor eta Paue (azken biak Okzitanian), udan jaialdiak programatzen dituztenak, eta harmailak betetzen dituztenak. Pilotaria zaintzen dute, zalea ere. Ondo ari dira lanean, baina turismo denboraldian soilik.
Hegoaldean aurten enpresa berri bat dago, Gernika Jai Alai, Jai Alive-ri gehitu zaiona. Hori zuentzat ona al da?
Bai, printzipioz bai. Nik beti esaten dut, ahalik eta enpresa gehiago egotea, hobe denentzat, eta noski, pilotarientzat hobe, pilotari gehiagorentzat aukera. Eta zaleentzat ere ona da, pilotariak gurutzatzen direlako, frontoi desberdinetan jokatzen delako… denentzat da ona. Baina pena hori da, hemen ere denboraldiak hiru hilabete irauten duela. Nire ustez badago potentziala gehiagorako, urte osoan jarduera izateko aukera dagoela uste dut [burua jaitsi du].
Ekainaren 12an debuta egin zenuen Jostaldin, Pausoka elkartearen aldeko jaialdian. Nolakoa izan zen?
Ilusio handia egin zidan, etxe ondoan, Hondarribian jokatzea. Familia osoa han zegoen, eta lagun asko, partida polita atera zitzaigun gainera. Zesta ikustera lehen aldiz joan zen jendea txundituta geratu zen, txikitan niri gertatu zitzaidan bezala. Edozeini gerta dakioke, zesta zuzenean ikusi, zarata horrekin, abiadura horrekin, harrituta geratzen zara. Goiko handiarekin [Iñaki Osa Goikoetxea] jokatzeko aukera izan nuen, bikote oso on baten kontra gainera, Egiguren-Ibai Erkiaga. Gehiago ezin da eskatu.
Aurreko ostiralean, berriz, Jai Alai World Tourreko lehen partida jokatu zenuen, Hondarribiko Master Seriesekoa, Zulaikarekin.
Galdu genuen. Partida polita hasi zen, borrokatua, batez ere lehen setean. 12-4 hasi ginen aurretik, gero 14-10, baina markagailua irauli zuten. Ikasteko irabazi eta galdu behar duzu, eta ostiralean galtzea tokatu zitzaigun.
Ostiral honetan [gaur] 3. eta 4. postua izango duzu jokoan. Nola ikusten duzu partida?
Zaila. Berez Egiguren-Enbilen kontra genuen baina Gotzonek [Enbil] mina hartu zuen ostiralean. Bere ordez Inza ariko da, pilotari ona, neguan berarekin entrenatu dut. Ahalik eta hoberen jokatzen saiatuko gara eta partida irabazten.
Formatu polita dute Master Series txapelketek, bi asteburu, finalerdiak batean eta finala eta 3. eta 4. postuentzako partida, bigarrenean.
Oso ondo dago, udan zehar hainbat txapelketa direlako eta pilotariak nahastuta jokatzeko aukera dagoelako. Jai Alai World Tourreko sailkapen nagusiari begira inportantea da ondo hastea, hasieran partidaren bat irabaztea. Horretarako partida guztiak ondo jokatu behar dira, bikote bezala zein tokatu zaizun begiratu gabe.
Zu nola zaude fisikoki? Urtebete lanik gabe egon zarela kontuan izanik…
Negu osoa entrenatzen eman dut, iritsi nintzenetik, hemengo jokora ohitzeko. Oso desberdina dira hemengo jokoa nahiz partidak, eta Danian egiten dugun kiniela jokoa. Hemengoa gogorragoa da, fondoko lasterketa bat bezalakoa. Baina ni ondo nago, egia da bero handia egiten ari dela, eta gogorra egiten dela.
Zein helburu duzu udarako?
Ahalik eta hoberen jokatzea, disfrutatzea, eta batez ere, minik ez hartzea. Helburu hori dut.
Eta uda eta gero, AEBetara itzuli, noiz?
Esan digute frontoia abendua erdialdean edo urtarrila hasieran irekiko dutela. Beraz, horren zain nago, esaten didatenean itzuliko naiz. Bitartean, Euskal Herriaz gozatuko dut.
Manex Urtasun, bere Irungo auzo Urdanibiako frontoian
Normalean zestak hemendik eramaten al dituzu Estatu Batuetara?
Bai. Pilotari bakoitzak bere otarregilea du eta nik Mutrikun erosten ditut. Berdinak al dira zesta guztiak? Bi eredu daude, aurrelariena eta atzelariena. Aurrelarienak, takotik puntaraino 63 zentimetro arte neurtzen du. Atzelarienak, gehiago dominatzeko, gehiago jotzeko, 68 zentimetro artekoak dira.
Erraz puskatzen al dira?
Ez, nik AEBetan zesta batekin bi hilabete egiten ditut, eta kontuan izan egunero-egunero jokatzen dugula. Puskatu ez dira puskatzen, baina zesta bat askotan erabiltzen dugunean erretiratzen dugu, besoan edo bizkarrean mina eragiten dizulako. Komeni da ez gehiegi luzatzea.
Eta zer egiten duzu zesta zaharrekin?
Saldu egiten ditut, gehienetan han, Floridan, pilotari afizionatuei. Etxean bat dut paretan jarrita, baina ez da zesta berezi bat.
Oparitu ere izan duzu baten bat…
Bai, Fermin Muguruzari, duela bi urte. IJAPAn [AEBetako puntisten elkartea] hasi ginen kanpaina bat egiten, zestarako babes bila. Fermin irundarra denez, eta Euskal Herritik kanpo oso ezaguna denez, galdetu nion ea zestaren alde zerbait egin zezakeen, musikari lotutako
zerbait, bideoren bat… Eta zesta oparitu nion, jaietan.
Zuk esana da AEBetara joan zinenean amets bat betetzen ari zinela. Ba al duzu beste ametsik?
Zesta lehen aldiz hartzen duenak beti amets berbera du, AEBetan debuta egitea. Txikia nintzela, Gernikara edo Donibane Lohizunera zesta puntako partidak ikustera joaten ginenean, eta handik zetozen izar guztiak ikusten genituenean, haiek bezalakoak izan nahi nuen. Amerikako izarrak bezalakoa nahi nuen izan, eta amets hori bete dut. Orain zer? Bada hurrengo urteetarako gustatuko litzaidake bietan aritzea, AEBetan zortzi hilabetez eta Euskal Herrian beste lau eman ahal izatea.
Etorkizunean, posible ikusten al duzu bederatzi-hamar hilabeteko denboraldia Euskal Herrian?
[Pentsakor] Optimista izango naiz, baietz espero dut, federazioen artean dauden arazoak konpontzen direnean, denboraldia asko luza daitekeela uste dut. Sei hilabete lasai-lasai egin daitezke. Belaunaldi oso ona dator, maila handikoa, debutatzeko ilusio handia duten mutikoak daude horren zain, han eta hemen jokatzeko, eta denboraldi polita egin daiteke.
Eta hor, beste Urtasun bat, Bidasoko beste profesional bat egon liteke?
Baietz uste dut, Hondarribian ari dira mutikoak ateratzen, badute hamabost urteko bat Gipuzkoako txapeldunordea izan dena… Aterako dira, eta horretan asko lagunduko du Jostaldin udaro hamar jaialdi jokatzea. Hori oso ona da kirolarientzat, urte osoan entrenatu eta gero, ostiralero profesionalak ikusteko aukera dutelako. Jarraitzeko ilusioa piztuko die horrek, haiek bezala izateko ilusio hori.
Lortuko balitz Euskal Herrian bederatzi hilabeteko denboraldi bat egin ahal izatea, itzuliko zinateke?
[Azkar erantzun du] Bai, itzuliko nintzateke, oso argi daukat. Oso ondo nago Danian, baina itzuli nahiko nuke, hemen, Euskal Herrian egin nahi dut nire bizitza.