Hasi da blues jaialdia

Alex R. Cruzen argazkiak biltzen dituen Bluesa 10 urtez gure artean erakusketaren Bluesa 10 urtez gure artean erakusketa inauguratuta, abiatu da Hondarribiko X. Blues Jaialdia.

Alex R. Cruz Blues Jaialdia

Asko dira dagoeneko erakusketa ikusi duten blues zaleak

Bluesa 10 urtez gure artean erakusketaren inaugurazioarekin jaso dute Hondarribiko X. Blues Jaialdiko pertsiana. Aurreko edizioetako artistek utzitako oroigarriak eta Alex R. Cruzen argazkiak ikus daitezke gaurtik eta jaialdia bukatzeraino Itsas Etxeko erakusketa aretoan, Benta eszenatoki nagusiaren ondo-ondoan. 19:00etan puntuan ireki dute Itsas Etxeko atzealdeko atea, pilatzen hasiak ziren blues zaleen gozamenerako. Dagoeneko asko dira erakusketatik pasatu diren herritar nahiz bisitariak, eta gustura, oso gustura irten dira denak ikusitakoarekin. Cruz argazkilaria bera ere izan da Itsas Etxean, baita Kalixa Silanes zinegotzia, bere estreinako jaialdian kulturako arduradun bezala. Giro berezia antzeman da erakusketaren inaugurazioan, jendea jakitun baitzen aurtengo ekitaldiak muga guztiak gainditzeko modukoa izan daitekeela.
Alex R. Cruz Hondarribiko Blues Jaialdia

Alex R. Cruz, bere argazkietako baten ondoan

Gaur, osteguna, Bentako eszenatokian bakarrik izango dira kontzertuak, 21:30ean hasita. Goiztiarrenek Asier Elorza eta Mikel Etxeberriaren, Diablues eta Bluecifer-ren blues akustikoa entzuteko aukera izango dute. Mississipiko blues zaharra jotzen dute bergararrek, baina ukitu pertsonalarekin. 22:30etik aurrera jaialdiko lehen izan handia igoko da oholtzara. Shakura S’Aida kanadarraren ahotsak entzuleak txunditu eta hunkituko ditu. Bidai bat izango da S’Aidaren kontzertua, bluesetik jazzera eta jazzetik rhythm & bluesera. Baina R&B-ez norbaitek baldin badaki, horiek Dr. Feelgood ingelesak dira, 00:00etatik aurrera Hondarribiko Benta hankaz gora jartzeko asmoa dutenak. Londreskoek soinu proban argi utzi dute 1970.eko hamarkadan bezain elektrikoak izaten jarraitzen dutela. Ikusi egunez eguneko egitaraua, Agenda atalean.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.