Bost eszenatoki, 25 kontzertu, eta beste hainbat ekitaldi osagarri antolatu dituzte Hondarribia Blues Festivaleko 10. ekitaldirako. Hilaren 9tik 12ra egingo dute, eta aurten ere, dena doan izango da.
Shakura S’Aida
Hamargarren ekitaldia beteko du aurten Hondarribia Blues Festival jaialdiak. Hilaren 9tik 12ra egingo dute, bost eszenatokietan. 2006ko ekitaldia antolatzen ari zirela, herrian gutxik pentsatuko zuten gazte ero horiek bi urtez jarraian blues kontzertuak antolatzeko gai izango zirenik. Egun, aldiz, zaila da imajinatzea bluesik gabeko uztaila Hondarribian.
Bluesa, 10 urte gure artean, festibala bera definitzeko balioko lukeen izeneko erakusketak irekiko du aurtengo ekitaldia. Jaialdia lehen urtetik jarraitu duen Alex R. Cruz blueszale amorratuaren argazkiak jasoko ditu eta Itsas Etxean muntatuko dute, igandera arte. Cruzek onartu duenez, Hondarribiko jaialdia berezia da beretzat: “Hainbat jaialditan egin ditut argazkiak, hainbat hiritan eta herrialderen batean ala bestean, baina urtero urduri itxaroten dut Hondarribiko Blues Jaialdian lehen kliskatzea egiteko unea”.
Jaialdiak asko eman dio Hondarribiari. Baina herriko mugak gainditu ditu, baita Euskal Herrikoak ere.
Blues Foundation erakundeak
Keep the Blues Alive saria eman dio aurten Hondarribiko jaialdiari, Carlos Mallesek gidatzen duen lantaldea gauzak ondo egiten ari delaren seinale.
Dr. Feelgood taldea
Izarrak, ostegunetik
Asteburuaren zain egon gabe, kontzertu handi batekin hasiko da aurtengo ekitaldia, Dr. Feeelgood rhythm and blues taldeak Bentako eszenatokian emango duena. Ingelesek 80.eko garage rock eta punk mugimenduan eragin izan zuten eta haien zuzenekoak 1975ean bezain elektrikoak izaten jarraitzen dute.
Beti hala izan den arren, urtetik urtera nabarmentzeko modukoa da ekitaldi guztiak doan izatea. Aurten akaso gehiago, ostegunetik bertatik, urteurreneko ekitaldia ahaztezina izateko moduko egitaraua prestatu baitute antolatzaileek (
ikus egitaraua). Ingelesen aurretik, Shakura S’Aida kanadarraren ahotsa entzungo da. 2013an blues garaikideko emakume abeslari onenaren sarirako izendatu zuten eta Mallesek ziurtatu du “ezustekoa emango duela”.
Ostiralean,
Belceblues taldearen kontzertu pedagogikoa izango da, lehen aldiz Itsas Etxean. Arratsaldean kirol kaiko eta Arma Plazako oholtzak estreinatuko dituzte. Kirol kaian Texasko bluesetik edaten duen Valladolideko
Bluedays taldeak joko du, eta Alde Zaharrekoan, aldiz,
Candye Kaneren ahots izugarriak gazteluko paretak astinduko ditu. Jazzetik bluesera ederki mugitzen den emakumea da Kane.
Travellin’ Brothers Big band
Iluntzerako, magiaz beteriko gau horietako bat espero da. Aurtengo X. ekitaldiko
Hondarribia Blues Saria jasoko duen Bob Stroger hainbat lagunez inguratuko da eta haiekin distantzian eta denboran bidaiatzeko aukera izango dute zaleek, Muddy Watersen garaiko Chicagora. Aurten 100 urte bete dira Waters jaio zenetik eta haren ondoan ibilitako musikariek kontzertu bikaina emango dute.
Dopsieren eskusoinua
Normalean, jende gehien biltzen duen eguna larunbata izaten da, eta seguru asko hamargarren ekitaldian ere hala izango da, besteak beste, egitarau zabalena egun horretarako prestatu dutelako. Hamar ekitaldi izango dira uztailaren 11n, horien artean Chicagoko lagunek eta
Travellin’ Brothers taldeak girotutako herri barbakoa, eguerdian. Aurretik, San Pedro kaleko taula inauguratuko dute, Gazteentzako aukera paregabea programan izena eman duten musikari gazteen parte hartzearekin.
Larunbat arratsalderako hiru emanaldi daude iragarrita, kirol kaian, San Pedro kalean eta Arma Plazan bana, eta gauean beste hiru Benta eszenatokian. Ostiralekoekin zerikusi gutxi izango dute larunbat gaueko kontzertuek. Lehena harmailetatik gustura ikusteko emanaldia izango bada, larunbatekora joaten direnek zapatako zolak zulatzeraino dantzatu beharko dute, asmo horrekin joan ez direnek ere.
Dwayne Dopsie
Lehenik Lil’Ed Williams eta bere Blues Imperials talde basatiaren txanda izango da. Eta Chicagokoen atzetik jaialdiko beste izen handietako bat agertuko da oihalaren atzetik,
Dwayne Dopsie eskusoinu jotzailea, Alton
Rockin’ Dopsie handiaren semea. Hellraisers taldearekin bost kontinentetan egiten ari den biraren barruan geldialditxo bat egingo du Hondarribian,
Sound of New Orleans, Up In Flames lan berria ezagutarazteko.
Cajun eta blues estiloak nahasten dituen Zydeco musika egiten dute, Luisianan jatorria duena. Zydecoan eskusoinua da tresna nagusia, eta musikari garaikideen artean Dwayne Dopsie nabarienetakoa da. Igandean errepikatuko du, Blues Villageko amaiera festan.
Igandean, azken traka
Larunbaterako gaualdi luzea iragarri dute, baina atseden askorako tarterik ez dago jaialdiko egitarauan. Igande eguerdirako ja piztuko dituzte bozgorailuak, Bentan bazkaldu nahi dutenentzat. Igandean paella dago bazkaltzeko, musikala hau ere.
Eta arratsaldetik, azken traka, pertsiana itxi arte. Mr. Groovy and The Blues Heads banda San Pedro kaleko oholtzara igotzen denetik ez da atsedenik egongo. Bukatu bezain laster hasiko dira Bentako kontzertuak —
Ariel Rotena 21:00etan—, eta argentinarrak saioa bukatzen duenean, ondoko Blues Village eszenatokian amaiera festa hasiko da.
Hondarribiko Blues Jaialdiak hamar urte bete blues egingo ditu aurten. Arrastoa utzi du herrian, eta kanpoan. Hamar urtean ezinbestekoa bilakatu da blues zaleentzat. Eta ez direnentzat, baita ere.