Etorki Games enpresak Ezagutu Irun APP-a garatu du eta hiriko sei leku adierazgarritan jarri dituzten panelen laguntzarekin leku horiei buruzko argazkiak, datu historikoak eta informazio osagarria jaso eta zenbait eraikin 3Dn ikusteko aukera izango da.
Sei lekutan jarri dituzte panel osagarriak. Irudian, Junkalekoa
Irun bisitatzen dutenek tresna berri bat dute egiteko.
Ezagutu Irun (
Conoce Irun) APP-a garatu dute eta hiriko sei leku adierazgarritan jarri dituzten panelen laguntzarekin leku horiei buruzko argazkiak, datu historikoak eta informazio osagarria jaso eta zenbait eraikin 3Dn ikusteko aukera izango da. Pio Baroja Institutuko arte eta historiako irakasle taldea arduratu da edukiez, Udal Artxiboaren laguntzaz, eta Irungo
Etorki Games enpresak garatu du aplikazioa, udalaren eskariz.
Atzo aurkeztu zuten Ezagutu Irun APP-a eta aurkezpenean izan ziren Miguel Angel Paez Sustapen Ekonomiko eta Turismo ordezkaria, Javier Garin, Pio Baroja Institutuko zuzendaria, eta APP-a garatu duen Etorki Games enpresako arduradunak, Alexander Camarero, Ion Ocasar eta Pablo Ocasar.
Android,
Blackberry,
iOS eta
Windows Phone plataformetarako dago prestatuta APP-a eta dagoeneko deskargatu daiteke. Jatorrizko informazioaz gain, erabiltzaileak aparteko materialez osa ditzake edukiak, hirian zehar jarri dituzten sei panelak baliatuz. Panel horietako bakoitzean interesgarria den gunearen deskribapen orokor bat irakur daiteke, eta QR kode baten bidez aplikazio osoa ere jaits daiteke.
Udaletxean, San Juan Harriari, San Martziali eta Aiako Harriari buruzko informazioa jasoko dute; Junkaleko elizan, Done Jakue bideari buruzkoa; Oiasso Museoan, erromatarren garaiko Iruni buruzko edukiak; Urdanibia plazan, erdi aroko karrikei buruzkoa eta udal euskaltegiarena; Ikust Alaian, liburutegikoaren gainekoa eta inguruetako historia; eta Zabaltza plazan, Colon pasealekuari buruzko informazioa eta hiriak trenbidearekin duen harremana aipatzen da.
Errealitate handituaren teknologia erabili dute, aplikazioan smartphonearen kamerarekin sinkronizatuta datuak ikusteko aukera ematen duen software bat ezarriz. Hala, mugikorra erabiliz eraikinen irudiak hiru dimentsiotan ikus daitezke eta historian zehar izan duten bilakaera egiaztatu.
Bisita, mugikorrarekin
Ezagutu Irun APP-aren aurkezpenean Paezek azaldu zuenez, bisitariari bere kabuz hiria bisitatzeko aukera eskaini nahi izan diote: “Aste hauetan jende asko igarotzen da gure hiritik eta gure gastronomia, historia eta kultura ezagutu nahi izaten du. Mugikorrek eskaintzen dituzten abantailen bidez turismoa egitea puri-purian dago gaur egun; eta APP honen bidez lortu nahi duguna da egun hauek Irunen igarotzen dituztenek izan dezatela ohiko bisita moduaren osagarri bat eta deskarga ditzatela beren telefonoetan argazkiak, informazio interesgarria eta baita 3D irudiak eta errealitate handitua ere, oso orijinala eta erakargarria baita bistarako”.
Paezek aurreratu duenez, bisitari ugari espero dituzte aurtengo udan Irunen: “Okupazioko aurreikuspenak positiboak izaten ari dira. Argi dagoena da hilabete hauetan jarduera asko izango direla hirian, ekitaldi garrantzitsuekin, batzuk klasikoak, uda familian igarotzeko Irun aukera erakargarria bilakatzen dutenak”. Horien artean, Dies Oiassonis, Gaztefolk 2015, Euskal Jira, edota Aiako Harrira edo Ama Xantalenen egiten diren bisita gidatuak, aipatu zituen ordezkariak.