Orio eta Kaiku hondoratuta, eta Urdaibai ukituta, San Miguel Ligan ia aurkaririk gabe ari da geratzen Ama Guadalupekoa.

Ama Guadalupekoa, Sanxenxo bandera irabazi eta gero
Orio eta Kaiku hondoratuta, eta Urdaibai ukituta, ia aurkaririk gabe ari da geratzen Hondarribia. Hiru estropada, bi garaipen eta bigarren postu bat. Malagak kenduta —zozketa bidez zehazten dira taldeak—, Ama Guadalupekoa izan da ohorezko txandan errepikatu duen talde bakarra.
Sailkapenean alde handia ireki dute berdeek eta talde oso zabala dutela erakutsi dute.
Atzoko garaipenarekin bermeotarrek asteburua salbatu dute nolabait, eta ohorezko txandara itzuli dira, bigarren bezala. Hori bai, Hondarribia zortzi puntura dute, gehiegi kontuan izanda hondarribiarren potentziala eta berezkoa duten erregulartasuna. Ikusteko dago zer gertatzen den hurrengo banderetan baina gauza bat argi dago, denbora asko beharko dute urdinek Sanxenxoko hondamendia ahazteko.
Asteburuko bigarren kaltetu handia Orio izan da. Mundu bat egon da Malagan ikusitakoaren eta Galizian eman duten mailaren artean. Larunbatean seigarren sailkatu ziren, nahiz eta irabazlearekiko 10 segundo bakarrik galdu zituzten. Baina Moañan hondoa jo zuten horiek; 23 segundo galdu zituzten eta 9. izan ziren, besteak beste, maila ez galtzeko borrokatu beharko duen Zierbenaren atzetik. Lehen hiru proben ondoren, oriotarrak sailkapen nagusian seigarren tokian daude, Hondarribiarengandik hamalau puntura, 36 baino ez direnean jokatu.
Laugarren oilarra, oilo bilakatuta itzuli da Galiziatik. Kaikuk Malagako hasiera salbatu zuen osta-osta, baina asteburuan aurpegi txarrena erakutsi dute eta liga irabazteko aukera guztiak galdu dituzte. Larunbatean lehen txandatik abiatu beharko da Kaiku eta iraultza beharko litzateke sestaoarrak berriro onenekin ikusteko.
Hori bai, Asier Zurinaga patroi onenaren sailkapenaren lidergoan dago, Ioseba Amunarrizek oraindik punturik lortu ez duen bitartean. Hori marka! Ziur gaude hondarribiarra ez dela horregatik penatuta egongo, beti erakutsi duelako taldea dela inporta zaiona, baina egia da patroien lana neurtzeko arau berriak zehaztu zirenetik, inork gutxik ulertzen duela sari horren logika.