Antxeta Irratiak antolatu du mahai- ingurua, Parisen ateratako ondorioei oihartzuna eman asmoz
Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako alkateak, Bidasoan elkarbizitza jardunaldietan, otsailean.
Ipar Euskal Herriko Bake Bidea kolektiboak antolatuta, Euskal Herrian bakea eraikitzeko
Giza Konferentzia egin zen lehengo ekainaren 11n Parisko Asanblada Nazionalean. Oihartzun handia lortu zuen konferentziak, ohi baino zabalagoa hedabideetan. Ikus-mina handia izan zen, eta sostengua zabala. Bake konferentziaren bukaeran irakurri zuten manifestuak 110 lagunek izenpetu zuten, eta han adostutakoak abiapuntu berri bat markatu duela adierazi zuten antolatzaileek, «gatazkaren konponbidearen aldeko iritzi korronte baten abiapuntua».
Konferentzia bukatu eta berehala adierazi zuen Bake Bidea kolektiboko kide
Anaiz Funosasek han ateratako edukiak lantzen jarraitzeko asmoa. Bide horretan urrats bat
Antxeta Irratiak egingo du bihar, Ficoban antolatutako mahai-inguruarekin. 11:00etan hasiko da solasaldia, Parisko Bake Konferentziaren ondorioen aurkezpenarekin. Ondoren, publikoarentzako tartea zabalduko dute, entzuleek izan ditzaketen zalantzak edo galderak argitzeko aukera izan dezaten.
Solasaldiaren bigarren zatian foro sozialen esperientziei erreparatuko diete, eta herritarren parte hartzea sustatzeko bideak aztertuko dituzte, aurrera begirako urratsak nondik nora egin daitezkeen eztabaidatzeko.
Aitziber Zapirain, Antxeta Irratiko esataria:
«Argi gelditu da alderdi politikoen gainetik dagoen kontua dela»
Parisko Bake Konferentzian ateratako ondorioak aurkezteko mahai-ingurua antolatu duzue biharko. Antxeta Irratiak zergatik jarri du lupa Parisko Konferentzian?
Iruditu zitzaigun garrantzitsua hitzordu hori Parisen gertatu zenez, Euskal Herrira ekartzea, bertan aipaturikoak hemen ere mahai gainean jartzea. Azken urteetan Ipar Euskal Herrian egin diren urratsak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigu. Bake Bidean elkartea, besteak beste, oso lan garrantzitsua egiten ari da, eta horrek ezin du gelditu Parisen. Oihartzun handiagoa eman nahi genion, alde batetik, han lorturikoak hemen aipatzeko, baina batez ere, hango esperientzia modu zuzen batean konpartitu ahal izateko bertaratuko den publikoarekin.
Azken batean, Bake Bidean kolektiboa herritarrez osatua dago. Hortik abiatu ziren, eta Ipar Euskal Herrian posible baldin bada, zergatik ez Euskal Herri osoan? Herritarrak nola aktibatu hausnartzeko aukera emango du.
Zentzu horretan, foro sozialen esperientzia plazaratuko duzue biharkoan ere, mahai-inguruan. Iruñeako eta Bilboko foro sozialetako partaideak izango dira solasaldian. Zergatik foro sozialak?
Gure asmoa, batez ere, hastapen batean konpartitutako esperientziatik publikoari hitza ematea izango da, eta zalantzak zuzenean argitu ahal izatea, Anaiz Funosasek berak azaltzen duen moduan, herritarra delako eraldaketa eta aldaketarako giltza.
Argi gelditu da alderdi politikoen gainetik dagoen kontua dela, inondik inora ez daitezen nahasi alderdi ezberdinek ukan ditzaketen interesak.
Baina bigarren partea, gehienbat, herritarren aktibazioa nola sustatzen den ikusteko izango da; nondik has daitekeen aurrera begirako urratsak ematen eta abar.
Antxeta Irratiak gatazka gainditu eta elkarbizitza eraikitzeko bidean ekitaldirik antolatu izan du orain baino lehen, otsaileko Bidasoan elkarbizitza jardunaldiak kasu. Irrati gisa lan ildo horri eustea erabaki duzue. Zergatik?
Ikusi genuelako antolatu genituen jardunaldiek erantzun baikorra ukan zutela, ez bakarrik publikoaren asistentzia aldetik. Parte hartze handia izan zen galderen tartean, eta galderak interesgarriak izan ziren. Iruditu zitzaigun lortu genuela ere ideologia ezberdinetako jendea elkartzea eta ez zela inolako arazorik sortu espazio horiek elkarrekin konpartitzeko momentuan. Iruditu zitzaigun irrati komunitario bezala jarraitu genezakeela martxan jarritako elkarbizitza prozesuarekin. Baina irratia, azken finean, tresna bat baino ez da. Guk gonbidapenak egin genituen, moderazio lanak egin genituen, baina parte hartzaileak izan ziren protagonistak, bai oholtza gainekoak, baita publikoa ere. Jarraitzea erabaki genuen borondatea ikusi genuelako, eta prestutasuna.