12 euroren truke Jai Alai World Tour barruko partidak ikusi eta Enbata jatetxeak prestaturiko marmitakoa eta Hiruzta txakolina dastatzeko aukera izango da bihar Jostaldin. Irailera arte ostiralero izango dira zesta jaialdi profesionalak, 20:00etan.
Jai Alai World Tour barruan kokatzen den Hondarribiko Master Series zesta punta txapelketako finalerdiekin hasiko dira bihar Jostaldiko udako jaialdiak. Lehen finalerdia Egiguren II.a-Enbil eta Goikoetxea-Ibai Erkiaga bikoteen artean izango da, eta bigarrena Zulaika-Urtasun eta Olha-Israelen artekoa.
Bi bikote irabazleek finala jokatuko dute hurrengo ostiralean, galtzaileen arteko partidaren ostean. Bi jaialdiak, udan egingo diren gainontzeko guztiak bezala, 20:00etan hasiko dira.
Ohikoa bilakatu denez, aurten ere kirola eta gastronomia uztartuko dituzte udako zesta jaialdietan, eta iazko arrakastaren ondoren, bigarrenez herriko jatetxeek prestatutako marmitakoa dastatzeko aukera izango da, kofradiak utzitako atunarekin egina. Marmitakoa laguntzeko,
Hiruzta txakolina edo Mitarte upategiko ardo beltza izango dira aukeran.
Sarrerak 12 euro balio ditu, marmitakoa eta txakolina edo ardo beltza barne. Sarrerak aldez aurretik erosi nahi duenak Arma Plazako edo kirol kaiko turismo bulegoetan aukera izango du —Hendaiakoan ere saltzen dira—. Bestela, Jostaldiko lehiatilan salduko dituzte, partidak hasi baino ordubete lehenagotik.