Udala kexu da atzo Urdanibia plazan egindako San Juan bezperako suarekin. Plazan kalteak eragin dituela esan du. Udalak horren berri ez zuela eta segurtasun neurririk ez zegoela zehaztu du.
Honako irudia helarazi die udalak hedabideei.
Urdanibia plazako hainbat baldosa kaltetu egin direla jakinarazi du Irungo Udalak, “atzo gauean bi metroko su” batek eraginda Udaltzaingoak egindako txostenean jasota dagoenez. Txosten horretan agertzen da ez zegoela baimenik San Joan bezperako su hori egiteko, “ez zegoen abisua pasata ere. Agerikoa da ez zirela kontuan hartu gutxieneko segurtasun neurriak, eta ez zela hartu neurririk ere zorua sutik babesteko”. Udalaren arabera, su horrek 20 baldosa kaltetu ditu.
Udalak gertakaria kondenatu du, esanaz deitoratzen dituela Urdanibia plazan izandako kalteak, “eta horrek sortu zuen arriskua. Sua egingo zelaren abisurik ez zen pasa, eta gainera kontrolik gabe egin zen”.
Udalak esan duenez, hilaren 23an, San Juan plazako suaz gain, beste hainbat su egiten dira hirian, “udalari adierazita egingo direla, eta udalaren baimenarekin betiere baldintza batzuk betez”. Udal erakundetik esan dutenez, San Juan plazako suan lurzorua prestatu eta estaltzen dute.