Jose Antonio Santano izango da Irungo alkate 2019ra arte. Gaurko kargu hartze udalbatzarrean ez da ezustekorik izan.
Kargua hartu aurretik, zinegotziak, zain
Espero bezala joan da gaur Irunen alkatea izendatzeko udalbatzarra. Jose Antonio Santano PSE-EEko zerrendaburua izan da hautatua alkate, bere alderdiko zinegotzien 10 botoekin. Si Se Puede Irunek, EH Bilduk eta PPk ere aurkeztu dituzte euren zerrendaburuak alkate izateko, baina soilik euren alderdien zinegotzien babesa jaso dute alderdi horietako buruek. EAJko Xabier Iridoyk ez du bere burua alkaterako aurkeztu, eta haren alderdiaren bost zinegotziek zuri eman dute botoa alkatea izendatzeko bozketan.
Alkate bozketa hasi aurretik, alderdi bakoitzeko buruek azaldu dute zergatik aurkeztu duten euren burua Irungo agintari izateko. PPko Juana Bengoetxeak bere hizketaldian aurreko legealdian izandako “giro eraikitzaileak” segi dezala desio izan du, eta horretarako PP izan daitekeela baliagarri. EH Bilduko Oinatz Mitxelenak nahiz Si Se Puede Irungo David Sotok botoa eman dietenei errespetuagatik aurkeztu dute euren burua alkate, eta biek ala biek “aldaketa” nahi zutela adierazi dute. PSE-EEren izenean Miguel Angel Paezek hitz egin du, esanaz, azken urteetako “Irun aurrerakoi, integratzaile, eta solidarioan” sakontzeko asmoa izango dutela”. Interbentzioak eginda, bozketa egin da: 10 boto lortu ditu Santanok, bost David Sotok, hiru Oinatz Mitxelenak eta bi Juana Bengoetxeak. Gehiengo osorik gabe, hauteskundeetan boto gehien lortu zituen zerrendaren buru zelako izendatu dute Santano alkate.
Aginte makila eskuan, hunkituta hitz egin du Santanok. Botoa eman diotenei eskerrak eman dizkie, Irun ulertzeko bere erarekin ados gehiengo zabal bat dagoela adierazi du. Eta esan du ohorea dela berriz ere Irungo alkatea izatea, “ohorea, eta bete dudan amets bat. Hiri hau maite dut, eta ahalegina egingo dut konfiantza eman didatenei, eta irundar guztiei, merezi duten Irun egiteko lan egitea. Hori da nire konpromisoa. Erronka zoragarria da hau. Gardentasuna, zintzotasuna eta parte hartzea izango dira nire agintaldiaren ardatz nagusienak. Nire atea beti zabalik izango da behar duenarentzat”.
Krisiagatik, gizarte aldaketengatik eta bestelakoengatik “garai latzak” direla adierazi du alkate izendatu berriak, eta esan du behar gehien dituztenen ondoan egongo dela. Gogorarazi du aurreko legealdiaren hasieran “ETA aktibo” zegoela, eta hasi berri denean ez dela horrela, “bakean bizi gara behingoz”. Eta aurrera egiteko bidea “etenik gabeko elkarrizketa” dela zehaztu du. Familia ere izan du gogoan Santanok, hunkituta, eskerrak eman dizkie bere alboan egoteagatik.
Euskaraz, eta “legeak hala aginduta”
Zinegotziek euren karguaren ardura hartzeko zin egitean, euskara izan da nagusi. Sozialisten erdiak (10etik bostek), EAJko kideek (5), EH Bildukoek (3) eta PPko Juana Bengoetxeak, zinegotzi karguaren ardurak jakinarazteko argibideak euskaraz jaso dituzte. Eta, 25 zinegotzietatik 14k euskaraz bakarrik edo elebitan (PPkoek eta PSE-EEkoek) esan dute “zin egiten dut” euskaraz. Si Se Puede Iruneko bost zinegotziek, PSE-EEko bostek eta PPko batek gaztelera soilik erabili dute karguaren ardurak beteko dituztela zin egiteko.
Eta zinegotzi karguak suposatzen dituen ardurak onartzerakoan (Espainiako Erregearen aginduak, Espainiako Konstituzioa nahiz EAEko legedia bete behar direla onartu dute zin egitean hautetsiek), hainbatek “legeak hala behartuta” esaldia erantsi diote “zin egiten dut” baieztapenari: Si Se Puede Iruneko, EAJko eta EH Bilduko (13 zinegotzi orotara, 25etik) kideek egin dute hori.
Udalbatza txalo artean, eta Udal Txistulari Bandak jotako
Alkatearena piezarekin bukatu da.
[nggallery id=46]