Urdanibia plazara itzuliko dira berriz ere sanmartzialetako ekitaldi esanguratsuenak. Hori da aurtengo festen nobedade handiena. Bidasoko Hitza.
Kalean izango dira festetako ekitaldi gehienak
San Pedro eta San Martzial festak hilaren 23an hasi, eta uztailaren 1ean bukatuko dira. Bitarte horretan 105 jarduera egongo dira jaietan (50 udalak antolatuak, 55 herriko eragileek), eta iazko festekin alderatuz aldaketa nabarmen batekin: Urdanibia plaza festen gune garrantzitsuena izango da. Hau da, besteak beste, kontzertuak, txosnak, azokak eta bestelakoak bertara itzuliko dira.
Eta kalean. Sanmartzialetako ekitaldien %95 kalean egingo dira (gainontzeko %5a Amaian). Eta udalak esan duenez, haurrentzako ikuskizunak auzoetara zabaltzeko asmoa indartu egin nahi da aurten, besteak beste atrakzioak jarriz Anaka, Behobia, Katea, Larreaundi, San Migel, Belaskoenea edo Palmera-Montero auzoetan.
Udalak gaur egin du agerraldia, traza nagusietan jaietako egitarauaren berri emateko. Belen Sierra jarduneko Kultura ordezkaria arduratu da xehetasunak emateaz. Aurreko guztiaz gain, berritasun baten azalpena ere egin du, jaietan euskararen erabilera bultzatzearekin harremana duena: Jenaro Etxeandia plazan 14-18 adin tartekoentzat Festan Blai izenburuarekin hainbat jarduera egingo dituzte.
Dena dela, egitarau osoa jaso nahi duenak bi aukera ditu. Datozen egunetan udalak etxez etxe banatuko du. Bestela
udalaren webgunean ere ikus daiteke.