Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, norberaren alde

60 urtetik gorakoak paseatzeko elkartuko dira ostiralero Hondarribian, bihartik hasita. Udalak, Jaurlaritzak, Osakidetzak eta Nagusilanek Ttipi-ttapa programa prestatu dute, 3, 4 eta 5 kilometroko hiru ibilbide.

Hiru, lau edo bost kilometro, distantziak ez du axola, ibiltzea da kontua, ibiltzeko ariketa bera osasungarria baita. Eta konpainia onean bada, askoz hobe. Horregatik, Ttipi-ttapa programa abiatuko dute bihar, ostirala, Hondarribian, 60 urtetik gorako pertsonei zuzenduta. Aste honetatik hasita, jaiegun ez diren ostiralero bost ostiraletan 3, 4 eta 5 kilometroko ibilbideak egingo dituzte herrian zehar, Bentatik abiatuta. Helburua xinplea da, eta era berean handia, ttipi-ttapa aritu, eta horrekin, bizitza kalitatea hobetu.
Ttipi ttapa

Ia egunero paseatzea gomendatzen dute adituek

Nagusietaz arduratzen diren hiru erakunderen elkarlanaren fruitua da Ttipi-ttapa programa: Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Departamentuak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Departamentuak eta Osakidetzako Osasun Etxeetako Lehen Mailako Arreta Zerbitzua. Horiez gain, Nagusilaneko boluntarioen parte hartzea oso garrantzitsua da, beraiek gidatuko baitituzte ibilbideak. Programaren aurkezpenean azaldu dutenez, ibiltzeak hainbat onura ekartzen dizkie adineko pertsonei, “bihotza sendoago edukiko dute, tentsioa jaitsi egingo zaie, eta kolesteroal eta azukre maila ere jaitsiko zaie”. Hori horrela, egunero ia egunero ibiltzea komeni dela esan dute, eta hainbat gomendio eman dituzte: “ahal bada, arin samar ibili, oinetako egokiak erabili, ura edan erdibidean eta inguruneaz gozatu”.

3, 4 eta 5 kilometrokoak

Hiru ibilbide prestatu dituzte Hondarribian ostiralero egiteko, luzera eta zailtasunari begira, desberdinak. Horrela, ez diote inori mugarik jarri nahi: “ahalegin handirik gabe eta zure herrian paseoan ibiliz, osasunari mesede handia egin diezaiokezu”, esan dute. Hala, ibilbide laburrenak hiru kilometro ditu eta laua da; Portua zeharkatzen du, harresia inguratu eta ibai ondotik egiten du azken zatia. Lau kilometrokoa ere laua da, baina espigoiraino iristen da. Bost kilometro ditu luzeenak eta Alde Zaharrean irtenaldi txiki bat egiten du Jabier Ugartetik Fraxkueneko Murrura. Zati handiena, baina, ibai ondotik egiten du, Butroitik itsas aldera, eta Bidasoa pasealekuan.
  • 3 km-koa. Benta, Butroi pasealekua, Beleztarren Markes kalea, San Pedro, Harresilanda, Minasoroeta kalea, Molla ibilbidea, Bidasoa pasealekua, eta Benta.
  • 4 km-koa. Benta, Butroi pasealekua, Mariñelen itsasbidea, Minatera ibilbidea, Europa ibilbidea, Espigoia, Europa ibilbidea, Minatera ibilbidea, Foru kalea, Butroi pasealekua, Benta.
  • 5 km-koa. Benta, Butroi pasealekua, Mariñelen itsasbidea, Minatera ibilbidea, Ramon Iribarren pasealekua, Foru kalea, Butroi pasealekua, Beleztarren Markes kalea, San Pedro, Jabier Ugarte, Fraxkueneko Murrua, Molla ibilbidea, Bidasoa pasealekua, Bernat Etxepare, Benta.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.