10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, Zabaltza plazan, Merka2dasoa bigarren eskuko gaien azoka. Horiek erosi edo trukatu ahal izango dira.

Azokaren aurreko urteko saio bat
Hilaren 30ean, larunbatean, egingo dute urteko lehen Merka2dasoa bigarren eskuko gaien azoka, 10:00etatik 14:00etara, Zabaltza plazan. Objektuak trukatzeko eta berrerabiltzeko topagunea da azoka, egoera onean daudenak eta berrerabili daitezkeenak: liburuak, bizikletak, jostailuak, apaingarriak…
Txingudiko Zerbitzuak erakundeak antolatzen du. Haien helburua da herritarrak sentsibilizatzea hondakin gutxiago sortzeko premiaz. Hortaz, norbanakoek, elkarteek, ikastetxeek eta gobernuz kanpoko erakundeek jarri ohi dituzte postuak. Informazio gunea ere egongo da: postua jarri ezin duten, eta objektuak saldu edo trukatu nahi dituztenek bertan utzi beharko dituzte gaiak, 09:00etatik 10:00etara. 14:00etan emango diete saldutako objektuen dirua jabeei.
Larunbatekoaz gain, beste bi Merka2dasoa egingo dira aurten. Hurrengoa uztailaren 19an izango da Irunen, eta 2015eko azkena urriaren 18an berriro Irunen.