2011n baino alde handiagoarekin irabazi ditu PSE-EEk hauteskundeak Irunen. EAJren eta Si Se Puede Irunen arteko berdinketa teknikoa gertatu da bigarren postuan, eta EH Bilduk eta PPk behera egin dute.
PSE-EEren hamar zinegotziak, pozik, garaipenagatik eta irundarren babesagatik
Jose Antonio Santanok eta PSE-EEk irabazi dituzte, garbi, Irungo udal hauteskundeak. Zinegotzi bat gehiago eta 1.500 boto gehiago izan ditu 2011ko udal hauteskundeekin alderatuz, ia 9.500 botoetara (9.406 zehazki) iritsiz. Alderdi sozialistaren beherakada iragarri zutenak, beraz, oker zeuden. Irundarrek baiezkoa eman diote Santanoren gestioari, indartu egin dituzte Irunen PSE-EEk garatu egin dituen politikak. Hiru aldeko akordioa egon ezean, 2002tik alkate denak izango du hiriaren aginte makila 2019ra arte. Aldaketa nahi zuten Irunen askok, eta hori ez da etorriko baldin eta EAJ, Si Se Puede Irun eta EH Bildu ados jartzen ez badira. Bost alderdik lortu dute ordezkaritza udalbatzarrean.
Bigarren posturako lehia estua izan zen, boto dantza EAJren eta Si Se Puede Irunen artean. Zenbaketaren bukaerara iritsi arte zalantzak izan ziren bi alderdien arteko lehian nor aterako zen garaile botoetan, zinegotzietan garbi zegoelako bi alderdiek bosna izango zituztela zenbaketaren %75etik aurrera. Edonola ere, eta Espainiako Barne Ministerioak (Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailak horiek ere hartu ditu kontuan) emandako datuen arabera, bi alderdien arteko boto aldea 27koa soilik izan da, EAJren alde: EAJk 5.133 boto (2011n baino ia 600 gehiago), eta Si Se Puede Irunek 5.106. Indar handiarekin sartu da udalean Si Se Puede Irun, Podemosen ildoko hautesle elkarteen artetik, herrialdean, indar gehiena izan duena Irungoa izan da zinegotzi kopuruetan behintzat.
Eguneko galtzaileak, EH Bildu eta PP. Koalizio subiranistak 5 kidetik 3ra jaitsi du bere ordezkaritza udalean, 2011n 4.406 boto lortu zituelako, eta atzo, berriz, 3.486; ia mila boto gutxiago beraz. Are nabarmenagoa izan da PPren beherakada, erdira jaitsiz botoetan (4.393tik 2011n, 2.196ra), eta beherago joanez zinegotzietan: bostetik bira. PSE-EEren botoen igoerak eta PPrenen jaitsierak harremana izan dezakete.
Ordezkaritarik gabe gelditu dira Ciudadanos (1.022 boto), Irabazi Irun (1.178 boto) eta UPD (248 boto).