PSE-EEren agintea luzatuko ote den, edo ez. Hori igandeko udal hauteskundeen ondoren atera ahal izango den ondorio nagusia. Eta hala balitz, nola. Beste alderdiek, ohikoek eta berriek, aldaketa nahia dute. Bidasoko Hitza.

2011ko udal hauteskundeetan, herritar bat batzar nagusietarako botoa ematen
PSE-EEren aginte aroarekin bukatzeko gai izango ote diren gainontzeko alderdiak. Hori etziko udal hauteskundeek erantzuteko izango duten galdera nagusia. Jose Antonio Santano PSE-EEren alkategaia, behintzat, HITZAri egindako adierazpenetan, ziur dago hauteskundeak irabaziko dituela. Aldaketa handia litzateke sozialistek Irunen ez irabaztea. Hori botoa emateko eskubidea duten 46.953 irundarren eskuetan dago.
Baina PSE-EEk irabaztekotan, nola. Gehiengo zabalarekin, edo larri. Eta gehiengo zabalarekin balitz ziur Santanoren taldeak azken legealdian izan duen agintea errepikatuko duela gutxiengoan aginduz, baina akordio puntualak lortuz. Baina garaipen estua balitz, ikusi beharko litzateke ustez haien jarraian joango liratekeen alderdiek zein jarrera hartuko luketen. Hau da, EAJ, EH Bildu, PPk, nahiz lehenengoz aurkezten direnek ordezkaritzarik balute (Si Se Puede Irun, Irabazi Irun, eta Ciudadanos), nola erabiliko luketen lortutako ordezkaritza hori kanpainan eta aurretik iradokitako aldaketa gauza dadin.
Irunen, erakargarria izango da hauteskunde gaua. Sozialisten Gipuzkoako gotorleku historikoa izan da hiria, erreferentzia garbia. Alderdiak herrialdean azken hauteskundeetan nabaritu duen higadura hirian ere nabaritu du, baina ez beste herrietan bezain beste. Eta gainontzeko alderdiek, abertzaleek batik bat, azken urteetan aurrera urratsak egin dituzte.
Gertatzen dena gertatzen dela ere, OARSO BIDASOKO HITZA-k hauteskunde gauaren jarraipen berezia egingo du. Batetik, bozen kontaketaren emaitzak horiek hautes eskoletan jaso eta gutxira ikus ahal izango dute irakurleek, eta behin-betiko zenbakiak daudenean, horien analisia plazaratuko du euskarazko hedabideak Interneten. Horiekin guztiekin papereko edizio berezia kaleratuko da astelehenean.
Horiek denak, 2011ko udal eta foru hauteskundeen emaitzak, eta bestelakoak,
HITZAren hauteskundeen atal berezian ikus ahal izango dira. 25 zinegotzi eserleku daude jokoan Irunen.