Si Se Puede Irun, kirol azpiegiturak zentzuz erabiltzearen alde. Txingudi Tenis Kluba udalak erosi duelako kexu agertu da taldea. David Sotok lotsagarritzat jo du haurrek ezin egitea Eskola Kirola baliabide ekonomiko faltagatik.
Txingudi Tenis Klubean egin du gaurko agerraldia Sotok
Azalpenak eskatu dizkio Si Se Puede Irunek egungo gobernu taldeari, Txingudi Tenis Klubaren erosketaren harira. Erosketa “ezkutuan” egin dela deitoratu du David Soto buru duen hautesle elkarteak, eta zalantzak argitzeko eskatu du: “Nork erabiliko ditu instalazio horiek? Zenbateko kostua izango du sarrerak? Baliabide ekonomikoak ez dituztenek erabili ahal izango dute? Zenbateko kostua izango dute berritze lanek? Milioika euro?”. Krisiagatik, onartezintzat jo du taldeak klub horren erosketa.
Galdera horiek kirolaz duen ikuspegian hitz egiteko egin duen agerraldian egin ditu David Sotok. Taldeak beharrezkotzat ematen du kirolaren praktika, bizitza kalitatean eta osasunean duen garrantziagatik. Oinarrizko kirola izango du lehentasun Si Se Puede Irunek, eliteko taldeak ahaztu gabe, baina herritar kirolariei indarra emanaz.
Eta Eskola Kirolaren gaineko kezka agertu du alderdiak. Haiek esandakoaren arabera, 100 ume geratu dira aurten egitasmo horretatik kanpora ez zituztelako baliabide ekonomikoak: “Hori salatu nahi dugu. Lotsagarria da”. Eta kirol egokituaren aldeko apustua ere bere egin du taldeak.
Proposamen zehatzak ere egin ditu Sotok: parke eta zonalde ireki guztietan gimnasia egiteko gailuak jarri; Larreaundi-Olaberriako pilotalekua estaltzea bizilagunen oniritziarekin; hiriko bi kiroldegien aukerak optimizatu; auzoetan kirol eremuak sortu, San Migel-Anakan jarriz lehentasuna.
Eta hirian dauden ikastetxeen ekipamenduak herritarrei zabaldu nahi dizkie Podemosen barruko hautesleen elkarteak, eskola orduz kanpo, horiek ixteko eta irekitzeko ardura udalarena izanik.