Legealdian, eta kanpainan, herritarren parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena izan da EH Bilduren mezu nagusienetakoa. Oinatz Mitxelenak gaian sakondu du.
Bigarrenez aurkeztuko da alkate izateko Oinatz Mitxelena, EH Bilduren zerrendaburua. Aurreko udal hauteskundeetan hirugarren zerrenda bozkatuena izan zen EH Bildurena, eta hori gainditzeko bidea jorratu nahi izan dute legealdian, eta kanpainan zehar. Herritarrei ahotsa eman nahi die koalizioak.
Zein proposamen ditu EH Bilduk Irun hobetzeko?
Irun hobetzeko lan asko dago egiteke, eta hasieratik argi daukaguna honakoa da, herritarrei boterea itzuli behar zaiela. Bide honetatik Irun hobetuko litzake, herriko erabakiak herritarrek hartzeko ahalmena edukiko luketelako. Horretaz gain, eta burujabetzaren bidean, elikadura eta energia burujabetza helburu enplegu berdea sortzeko asmoa dugu. Amaitzeko, herritar orok eskubide eta oinarrizko beharrak bermatuak eduki ditzagun gizarte politikan inbertituko dugu.
Herritarren parte hartzeaz asko hitz egin da azken legealdian. Baina zuen ustez, udaletik hartzen diren erabakietan zein funtzio bete behar dute herritarrek? Hau da, zein da zuen herritarren parte hartze eredua?
Herritarrok izan behar dugu erabakiak hartzen ditugunak. Demokrazia parte hartzailetik demokrazia zuzenera pasatzeko garaia da, herritarroi boterea itzuli behar zaigu. Guk argi daukagu herritarrak burujabe izan nahi dugula eta erabakitzeko ahalmena eduki behar dugula. Horretarako herritarren parte hartzea arautuko duen parte hartze ordenantza bat abian jarriko dugu guztion parte hartzearekin.
Gipuzkoa mailan langabezia tasarik handienetakoa du Irunek. Zein neurri planteatzen dituzue hiria ekonomikoki eta enplegu arloan suspertzeko?
EH Bildutik enplegu berdea bultzatuko dugu. Elikadura eta energia burujabetza dira gure helburuetako batzuk eta horiek lortze aldera sortuko den enplegua, esan bezala, enplegu berdea izango da. Jakin badakigu bide hau jorratuta Irunek gaur egun duen errealitatea eta langabezia tasa jaistea egingarria dela.