Euskararen erabileran eragin nahi du Irungo EAJk, eta hainbat arlotan garatzeko proposamenak egin ditu gaur Xabier Iridoy zerrendaburuak
Iridoy, gaur, Santiagoko pilotalekuan
Kalean, aisia ekitaldietan, udaletxean, familietan, kulturan eta beste arloetan euskararen erabilera indartzeko konpromisoa hartu du gaur Irungo EAJk, bere programaren berri emateko egin duen agerraldian, hauteskunde kanpainaren barrukoa. Xabier Iridoyk esan du ezin dela hezkuntzara bakarrik mugatu euskararen gaia, “Irungo kaleetan euskara gehiago entzun nahi dugu. Ahalegin guztiak egingo ditugu zentzu horretan”. Santiagoko pilotalekuan egin du EAJren zerrendaburuak agerraldia.
Aisian, eskolaz kanpoko jardueretan haurrei eta gazteei zuzenduriko kirol eta kultur jarduerak egingo dituztela iragarri du Iridoyk, baita euskarazko produktuen kontsumoa bultzatu ere. Familiaren arloan, transmisioan indarra jarri, eta euskara ezagutzen ez duten gurasoak laguntzeko prest agertu dira. Merkataritza zein enpresa alorrean ere zabaldu nahi dute euskara, “Nik Euskaraz bereizgarria sortuko dugu”.
Udaletxeko langileen artean, nahiz langile-hiritar harremanean euskarak toki gehiago behar duela uste du EAJk, “langileen euskalduntzea ahalbidetuz, hiritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko”.
Kulturaz ere mintzo da gaur Iridoy: “Nortasuna lantzeko tresna eta errealitate berrietara jotzeko aukera da kultura”. Hala, ekitaldi nahiz espresio kulturalaren aniztasuna bermatzea udalaren zeregina dela uste du EAJk, eta hirian zeregin horretan ari diren talde eta elkarteak zaindu behar direla adierazi, elkarlanean.
Aldi berean, inguruko nahiz nazioarteko mugimendu kulturalekin lankidetza hitzarmenak egiteko bidea jorratu nahi du EAJk, horrek hiriarentzat onura ekonomikoa ekarriko lukeela ziur dutela.