Hezkuntzaren bidez, konpromiso kolektiboaren eta auzolanaren ideia landu beharra dagoela uste du koalizioak, "norbanakoen askatasuna eta konpromiso kolektiboa uztartuz"
Irungo EH Bilduren hezkuntza alorreko oinarri nagusia da Euskal Herriaren garapen kolektiboaren zerbitzura egongo den “hezkuntza sistema propioa” eraikitzea, “herri gisa, estaturik gabeko herria izaki, behar-beharrezkoa dugu gure herriaren biziraupenerako zein egituratze sozial, politiko, ekonomiko, kultural eta linguistikorako”. Hori maila kolektiboan. Norbanakoetan hezkuntzak pertsona “euskaldun, aske, sortzaile, autonomo, kritiko eta ekintzaileak” hezteko behar duela uste du EH Bilduk, “jendartean elkar bizitzeko gai izango direnak”.
Horiek koalizioaren traza nagusiak hezkuntza arlorako. Eta traza horiek abertzaleen ustez interes kolektiboak eta bakoitzarenak uztartuko dituen bidea jorratzeko behar dute izan, prozesu baten ondorio gisara, “alegia, hezkuntzaren bitartez konpromiso kolektiboa eta auzolanaren garrantzia landu beharra ikusten dugu, norbanakoen askatasuna eta konpromiso kolektiboa uztartuz”.
Horrela, Irunerako proposamen zehatz hauek ditu Oinatz Mitxelena zerrendaburu dituen taldeak, ostiralean egin zuten agerraldian esan moduan:
- Herriko hezkuntza batzordea sortu, besteak beste, herri hezkuntza programa herrira egokitzeko.
- Irungo ikastetxe ezberdinetako hezkuntza curriculuma, herriko ondareen ezagutza era sistematikoan txertatzeko aukera sortuz, udalaren eginbeharra izanik adituen eta ikastetxeetako arduradunen arteko elkar ezagutza eta koordinazioa bultzatzea.