Irungo alkatearen "konbenientzia politikoa" Irungo eta Hondarribiko "herritarren gainetik" jarri dela azaldu du foru erakundeak
Irudian, aldundiak iaz egindako aurrekontuen parte hartze tailerra, Ospitale Zaharrean
Partaidetzazko Aurrekontuen egitasmoaren barruko saioak oztopatu dituela leporatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Jose Antonio Santano Irungo alkateari, «bere konbenientzia politikoa irundarren eta hondarribiarren eskubideen gainetik jarri du. Irungo Udalaren jarrera ulertezina da».
Herrialdeko eskualde guztietan egiten ari den prozesua da Partaidetzazko Aurrekontuena. Eskualde bakoitzeko herritarrek bi milioi euro zertan inbertitu erabakitzeko parte hartze prozesua da.
Baina aldundiaren iritziz, Irungo gobernu taldea Bidasoan egitasmoa «boikoteatzen» ari da, «herritarren interesen gainetik, bere feudoari eusteagatik». Bidasoa Bizirik garapen agentziak bertan parte hartzeari ere uko egin diola esan du aldundiak, «susmoa dugu Irungo gobernu taldeak erabaki horretan zerikusia izan duela».
Foru erakundeak jakinarazi du prozesu hori Bidasoan egin ahal izateko alternatiba bila dabilela.