Ekainaren 5etik 7ra egingo dute azoka Ficoban; aurten, lehenengoz, sarrera doan izango da
Bioterraren aurreko ekitaldi bateko irudia
Ekainaren 5etik 7ra egingo dute aurten Ficoba erakustazokan Bioterraren XII. ekitaldia. Azokaren sustatzaileek xede dute kultura ekologikoa gizarte osora zabaltzea, kontsumo iraunkorra eta arduratsua bultzatze aldera.
Atzo aurkeztu zuten azoka, Bioterraren arduradunek eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Kontseiluko kideek (ENEE). Bioterraren traza nagusienak azaltzeaz gain, aurtengo berritasuna azaldu zuten: doan izango dute bisitariek azokarako sarrera.
Esandakoen artean, hizlari baten presentzia konfirmatu zuten: Satish Kumar. Indian jaiotakoa, eredu jasangarrien aktibistatzat jotzen dute Kumar, eta besteak beste, Schumacher College ekologiaren ikerketarako nazioarteko zentroaren sortzaileetakoa izan zen (Britainia Handian dago).
Nekazaritza ekologikoa, hazten
Atzoko agerraldia ENEEko kideek baliatu zuten nekazaritza ekologikoak 2014an emandako hainbat datu plazaratzeko. Operadore ekologikoak %12 igo ziren iaz (434 daude), laborantza ekologikoko lur eremuak %9 hazi ziren. Abeltzaintza ekologikoari dagokionez, 95 ustiapen daude Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, gehienak haragitarako haziendak direla.