Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolaritza Txapelketa irabazi du azpeitiarrak; Bertso Eskolen Eguna, kolorez beteta joan zen
Finalistak, Ibañezen (txapelarekin) inguruan.
Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna egin zuten igandean Irunen. Goizean herrialdeko bertsolari gazteek hiriko kaleetara jauzia egin zuten jolasen bitartez hiria ezagutu, eta giroa jartzeko. Arratsaldean iritsi zen egunaren ginga, eskolartekoaren finalean: Iñigo Ibañez azpeitiarra izan zen onena.
300 bat lagun bildu ziren Amaia Kultur Zentroko finalean. Besteak beste, bat-bateko saioan Alaia Martin oiartzuarra izan zen gai jartzaile. Haren aginduetara zortzi bertsolari gazte aritu ziren, eta horietatik onena, Iñigo Ibañez. Bigarren postuan Paul Iruretagoiena ataundarra sailkatu zen, beraz, Euskal Herrikoaren finalean Ibañez eta Iruretagoiena ariko dira Gipuzkoako ordezkari bezala.
Idatzizko bertsoen sariak ere eman zituzten igandean Amaian. Horretan Lierni Rekondo gailendu zen maila nagusian.