Hilaren 30ean eta maiatzaren 3an egingo dute koalizioko kideek bira; edonor joan daiteke
2011n antzeko ekimena egin zuten Irungo EH Bilduko kideek
EH Bilduren Irungo hautagaitzak zuzenean azaldu nahi dizkie herritarrei esku artean dituzten proposamenak maiatzaren 24ko udal hauteskundeei begira. Bide horretan, iniziatiba “didaktiko eta interaktiboa” prestatu du: EH Bildu Bira. Bi egun ezberdinetan egingo dute jarduera, batean furgonetan, bestean bizikletan.
Herritarrei zuzenean azalduko dizkiete koalizioaren ordezkariek zein asmo dituzten zonalde bakoitzerako, hiritik zeharreko birak iraun bitartean. Parte hartzaileek iradokizunak emateko eta galderak egiteko aukera izango dute tarte horretan. “Ekimen erabat irekia eta parte hartzailea” dela esan du EH Bilduk, hau da, edonor joan daitekeela, norbanako bezala edo eragileren baten ordezkari gisa.
Bi egun ezberdinetan, nahiz bi garraiobide ezberdinekin planteatu dute bira. Honakoak dira:
- Hilak 30 (osteguna): 17:00etan, eta Urdanibia plazatik abiatuta, furgoneta ibilbidea proposatu du EH Bilduk. Hautagaitza zerrendako kideek hainbat tokitan azalpenak emango dituzte.
- Maiatzak 3 (igandea): 11:30ean, eta Urdanibia plazatik abiatuta, bizikleta bidezko ibilbidea hiritik zehar proposatu dute (bakoitzak bere bizikleta eraman behar du). Koalizioaren zerrendako kideek azalpenak emango dituzte.