Zulaika, gaur, Galen egin duen prentsa agerraldian
Aitor Zulaika Real Unionen entrenatzaileak lan handiagoa du egunotan jokalarien emozioak kontrolatzen eta hedabideen eskaerei arreta egiten, arlo taktikoa lantzen baino. Hori ez da kasualitatea, Zulaikak esan duenez: “Sasoi hasieratik barneratuta dituzte jokalariek alor teknikoko irizpideak. Ez diet ezer berririk eskatuko. Bestelako gaiek gehiago arduratzen naute oraintxe, final batean are gehiago. Alderdi psikologikoa kontrolatzeko lan asko egiten ari gara”. Bihar Federazio Koparen itzuliko partida jokatuko du Unionek, CD Castellonen kontra, 20:30ean, Galen. Joaneko partidan 0-1 irabazi zuten irundarrek Castello aldean. Kopa eskura dute.
Partida aurretiko azken iritziak eman ditu Zulaikak gaur, Galen bertan, prentsa agerraldian. Ziurtatu du partidaren bila, irabaztera, joango dela taldea, “egin dezakegun bide onena betikoa egitea da, partidaren bila joan. Hori da hoberen egiten duguna”. Eta lehiaren azken minutuetan bai, bestelako irizpideak kontuan har daitezkeela onartu du entrenatzaile azpeitiarrak, baina hasierako asmoa irabaztera ateratzea dela, “partida bukaeran, ligan, 0-0 bagoaz modu batera joka dezakegu; bihar, azken minutuetan horrela bagoaz, pentsatuko dugu zer egin”.
Castellon talde ona da Zulaikaren ustez, “oso kontuan hartzekoa”, eta bihar Galen bi talde on neurtuko direla adierazi du, “nahiz eta gu aurretik egon finalean, oso kontuan hartzeko taldea da aurkaria. Haiek baino gol bat gutxienez sartzea da helburua. Dakiguna egin behar dugu”. Emaitza irundarren intereserako kontra joango balitz, beldurrik ez dela izan behar adierazi du, “beldurra izateak ez du deustarako balio”.
Talde osoa sartu du deialdian Zulaikak. Eta jokatuko dutenen artean esperientzia handiko kirolariak izango direla esan du, “mila bataila bizitakoak. Jaitsierak, igoerak, kanporaketak… Badakite une bakoitzean zer egin behar duten. Guk gurera joan behar dugu”.
Bihar Gal estadioan egon daitekeen giroaz gogoeta egin du Zulaikak. Futbol zelaia “ilusioz eta pasioz” egongo diren zalez beteko dela uste du, “horrek taldeari asko lagunduko lioke”. Eta lan egin behar dutenak jokalariak direla jakin arren, zaleen laguntza beharrezkotzat jo du.
Eta Kopan garaipena edo porrota suertatzen bada, hori kudeatzen jakin behar dela aitortu du entrenatzaileak, azken emaitza edozein dela ere, ligan aurrera egin beharra dagoelako, “irabaztea, noski, onuragarri izango da aurrera begira, lagungarri. Emaitza on batek indartsuago egingo gaitu ligan, ziur. Baina galtzen bada, hori kudeatzen jakin behar da, eta horren arduraduna ni neu naiz”.
20:20an, jokalariak aldagelatik zelaira atera baino lehen, taldeko kirolariei zer esango dien badaki Zulaikak, “baina hori niretzat gordeko dut, niretzat eta jokalarientzat”.
Egun handia Irunen
Gal estadioan bertan nabaria zen gaur goizean biharkoa egun handia izango dela Real Unionentzat. Ricardo Garcia presidentea uneoro telefonoz hizketan, prentsa arduraduna hara eta hona, eta gainera, sarrera nagusian, alfonbra urdina jartzen ari ziren langileak. Atzo, esaterako, presidenteak eta taldeko hainbat jokalarik egin zuten agerraldian, hamar kamara eta 12 hedabidetako ordezkari izan ziren Irunen, bertakoak eta kanpokoak. Ikusmin handia sortu du finalak Irunen, eta herrialdean.
Eguerdian, Ficoban bazkaria egingo dute Real Unioneko eta CD Castellon taldeko agintariek. Eta litekeena da Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko presidentea, nahiz Vicente del Bosque Espainiako selekzioaren entrenatzailea Galen izatea.
Zulaikak, agerraldian, biharko egunaren laburpen zehatza egin du: “Hau guztia festa bat da guretzat. Eta festak ondo bukatu behar dira, Guk hori horrela izateko ahalegin guztiak egingo ditugu”.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.