Jaietako txosnen eskaera egiteko epea zabaldu du Irungo Udalak; sei txosnarentzako tokia izango da
Orotara, sei txosnarentzako tokia izango da
Maiatzaren 4ra arte aurkez ditzakete Irungo talde, elkarte eta eragileek San Pedro eta San Martzial jaietan txosna jartzeko eskaerak. Txosnak, aurten bai, Urdanibia plaza berrituan jarriko dituzte: zozketa bidez esleituko dira bertan tokia izango duten sei txosnak.
Deialdia zabalik dago Jaurlaritzaren Elkarte eta Erakundeen Erregistroan izena emanda, eta Irunen egoitza duten erakunde, talde eta elkarteentzat. Horren gain, hiriko Lanbide Heziketako, Batxilergoko nahiz Helduen Irakaskuntzako zentroetako ikasleek ere egin ditzakete plaza eskaerak. Txosnek, edaria eta otartekoak soilik saltzeko baimena izango dute, ekainaren 20tik uztailaren 1era arte (bi egunak barne).
Zozketarako onartuen zerrenda maiatzaren 7an jarriko ditu ikusgai Kirol eta Kultura sailaren bulegoetan nahiz udalaren webgunean. Sei plazen zozketa maiatzaren 14an egingo dute, 19:00etan, Kirol eta Kultura sailaren egoitzan; bertan derrigorrezkoa da gutxienez eskaera egin eta onartuak izan diren eragileen ordezkari bat egotea.
Eskaera orria eta baldintzen zerrenda Hiritarren Arreta Zerbitzuan (San Martzial kalea, 2) eta
udalaren webgunean lor daitezke.