Hamargarren Jaion, larunbatean, jaiz eta mezuz bete-betea
'Jaion Zirkus' izenburupean, "Irun gestionatzen duten botere publiko eta pribatizatzaileak" salatuko dituzte
X. Jaion larunbatean egingo dute. Aurreko bederatzi ekitaldietan bezala, Lakaxita gaztetxeak beste hainbat eragilerekin elkarlanean antolatzen duen festan askea jaia eta mezua gailenduko dira denaren gainetik. Jaia, Irungo Lakaxitaren urteko festa handiena delako, kaletik Lakaxitara egiten dena; mezua, aurten ere zer esanik badutelako Irungo gazteek eta festarekin bat egiten dutenek: Jaion Zirkus ikuskizun aldarrikatzailea da Jaionen mamia aurten. “Irun gestionatzen duten botere publiko pribatizatzaileak, PSE-EE batez ere, salatu nahi ditugu”, esan dute Lakaxitako kideek. 17:00etan abiatuko da furgoneta, larunbatean, Urdanibia plaza eraberritutik, God Save Pitilins taldekoek musika jarriko diete oinez, jauzika edo dantzan joango direnei abiapuntutik Lakaxitaraino; Sex Pistols taldearen bertsioak egiten dituzte. Behin Lakaxitan, Eten, Blaka eta Zezenaren Taldea taldeek kontzertua emango dute; ondoren, Prest eta Zumitrenkok disko jartzaileek txanda izango da. Hamargarrena Kaleen erabilera publikoa aldarrikatzeko, herri espresioa aldarrikatzeko, “eta gazteok beharrezkoak ditugun espazio propioak exigitzeko” egin zuten lehen Jaion orain hamar urte; lehen edizio horren helmuga Lakaxitaren okupazioa izan zen. Aurten, ildo horiei eutsiko diete antolatzaileek, baina Bidasoko eremutik at atera, eta “kanpoko” bisitari, festazale eta herritarrei gonbita egin diete Irunera larunbatean joateko. Ez dira galduko furgoneta musikatuaren atzean. Lakaxitako kideek testua egin dute Jaion Zirkusen zergatien berri ematen. Ondoko dokumentukoa da, oso-osorik.