Zabaltza plazatik abiatu zen martxan hamarnaka lagunek parte hartu zuten
Bihar da II. Errepublikaren Eguna. Horren harira, Nicolas Gerendiain Elkarte Errepublikarreko kideek manifestazioa egin zuten atzo (igandea) Zabaltza plazatik abiatuta San Juan plazaraino; bertan, txalapartaren doinuek jaso zuten martxa, eta ekitaldi politikoa egin zuten.
Martxa bitartean III. Errepublikaren aldeko nahiz Espainiako erregearen eta monarkiaren kontrako leloak erabili zituzten partaideek. San Juan plazako ekitaldian, berriz, frankismotik eratorritako “erregimen politikoa” ezarria dagoela salatu zuten, eta hainbat arlotan izaten ari diren murrizketak salatu, “frankismotik borrokatu diren eskubideak dira horiek”. Aldi berean, horren soluzioa III. Errepublika dela aldarrikatu zuten, eta esan zuten “Francoren estatu kolpearen ondorioz eraildako milaka errepublikazale” hobi komunetan daudela oraindik.
Errepublika, langileen batasuna lortzeko bidea dela adierazi zuten aldi berean, “baita herrien arteko batasunarena ere askatasuna, berdintasuna, elkartasuna, laikotasuna, publikotasuna, erabakitzeko eskubidea eta herri subiranotasuna lortzeko bidea ere. Sistema, hori guztia kendu nahian dabiltza”.
Mobilizazioaren ondoren bazkaria egin zuten errepublikazaleek.