Galanek 88. minutuan sartutako golari esker 0-1 jarri da aurretik finalean Irungo taldea
Castellonen aukerak erraz zapuztu zituen Unionek. Argazkia: CD Castellon
Amestutakoa baino hobeto. Eskura du Real Unionek Federazio Kopa, atzo Nou Castalia futbol zelaian Castellon taldeari 0-1 irabazita. Garaipenaren gola 88. minutuan sartu zuen Jorge Galanek, kontraeraso azkar bat modu ezin hobean bukatuz. Emaitza oso ona izanda ere, bueltako partida falta da Galen. Ostegunean izango da finalaren partida erabakiorra.
Lehen zatian Castellon taldeak erritmo bizia jarri zion partidari, harena izan zen baloia. Aukerak sortu zituzten, baina ez oso garbiak. Unionek erantzunak eman zizkien etxekoen ziztadei kontraeraso bidez eta falta nahiz kornerretan zailtasunak sortuz, esanaz bezala ez zirela husnakoa defendatzera joan Nou Castaliara. Aitor Zulaika entrenatzaileak garbi esan zuen partidaren aurrekoetan ez zutela espekulatzeko asmorik atzo, eta hala izan zen. Atsedenaldian husna joan ziren bi taldeak aldageletara.
Bigarren zatiaren erritmoa motelagoa izan zen, batez ere Castellon taldeko jokalariek lehen zatian egindako lana ordaintzen hasi zirelako. Hori Unionek baliatu zuen are kontraeraso garbiagoak egiteko, etxekoen zelai erdiko baloi galtzeak baliatuz. Eta horrela iritsi zen 88. minutuko 0-1ekoa: Castellonek zelai erdian baloia galdu, Juan Dominguezek kontraerasoa antolatu, Galani baloia area barruan eman, eta gol.
Itxaropenez ekingo dio Unionek itzulikoari. Arrazoiak badituzte horretarako, talde bezala Castellonek ez zuelako erakutsi irundarrak baino askoz gehiago direnik, eta gainera, emaitza irundarren aldekoa delako.