Real Unionek gaur jokatuko du Castellon Federazio Kopako finalaren joaneko partida
Argazkia: Real Union-F. Lozano
Partida handia du gaur Real Unionek Castellon. Federazio Koparen finalaren joaneko partida jokatuko du bertako taldearen kontra (20:30, ETB4). Eta partida handietan gertatu ohi den bezala, talde oso-osoa eraman du Aitor Zulaika entrenatzaileak haraino. Atzo eguerdian atera zen taldea Castello aldera, hotelean gaua pasatu eta partidaren zain egoteko. Mendeurrena ospatzen ari da Irungo taldea. Kopa, Bigarren Mailara igotzeko borrokaren aurretik, ospakizun biribila litzateke.
Emaitzarekin jolastera ez dela aterako esan zuen atzoko agerraldian Aitor Zulaika entrenatzaileak, partida irabaztera joango direla. Badakite arerio latza dela Castello, besteak beste irundarrek baino aurrekontu handiagoa duelako, baina borroka behintzat ez dela faltako. Eta jakitun da entrenatzailea Castellon ere ikusmin handia sortu duela finalak, hortaz, hango zaleen presioa kontra izango dutela.
Bai Union zein Castello antzerako egoeran daude Bigarren B Mailan, bakoitza bere taldean. Irundarrak zein Castello taldekoak bigarren dira sailkapen nagusian. Eta biak talde historikoak izanda, garai batean izandako ospea berreskuratzen hasteko bidea izan liteke Federazio Kopa irabaztea, 90.000 euroko diru saria irabazteaz gain.