
BATeko gazteak Espainiako Txapelketan
Altuera jauzian zilarrezko domina eskuratu du Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) Teresa Zaragueta kirolariak. Valentziaraino bidaia egin zuten asteburuan klubeko bost kirolarik Espainiako Txapelketan parte hartzeko asmoz, eta domina bakarra lortu duten arren, emaitzekin kontent daude taldeko kideak. Hala, 1,69 metroko jauzia egin zuen irundarrak txapelketan; lehen postua eskuratu zuen atletak 1,71 metroko jauzia eginda eskuratu zuen urrea.
Javier Mariscal taldeko kideak lortutako marka ona ere nabarmendu du klubak. 400 metrotan lehiatu zen Mariscal eta lehen probetan hirugarren postuan kokatzea lortu zuen arren, laugarren sailkatu zen azkenean.
David Maldonado bere aldetik pista estaliko 3.000 metrotan aritu zen, eta Juan Errandonearen kasuan, jauzi hirukoitzean. Hala, zazpigarren eta hamargarren sailkatzea lortu zuten BATeko bi kirolariak, hurrenez hurren.
Bukatzeko, Miren Aristizabal hondarribiarra pista estaliko 60 metrotako kategorian lehiatu zen, baina finalerdien atarian geratu zen azkenean.
Hiru domina beteranoen mailan
Beteranoen mailako Espainiako Txapelketa Anoetan jokatu zen asteburuan. BATek bi ordezkari izan zituen lehiaketan: Juana Usabarrena eta Juan
Tximino Jimenez . Bi atletek brontzezko hiru domina etxera ekartzea lortu zuten; Usabarrenak 65 urtetik gorako emakumeen kategoriko pisu jaurtiketan, eta
Tximinok gizonen 70 urtetik gorako 60 eta 200 metrotan.
Datorren asteburuan gazteen mailako atletak Anoetan izango dira Espainiako Txapelketan lehiatzen eta bertan izango dira BATeko bost ordezkari. Bestalde, Espainiako Kros Txapelketa ere egingo dute Alcobendasen (Madril) eta bertara bidaia egingo dute klubeko bi kirolarik.