Hondarribiko Udalak antolatuta Inauterietako Erakusleiho Lehiaketa abian da. Hamahiru saltokik eman dute izena hiru sarietako bat eskuratzeko
Inauteriekin bat egingo dute Hondarribiko hainbat saltokik, eta erakusleihoak mozorrotu egingo dituzte horretarako. Hondarrabiko Udalaren ekimenez, bosgarren aldia izango du aurten Inauterietako Erakusleiho Lehiaketak, eta hamahiru komertziok eman dute izena lehenengo saria eskuratu nahian.
Erakuslehio bat, iazko ekitaldian
Horretarako gustu handiz apainduko dituzte komertzioaren erakusleihoak, hamaika baliabide erabilita eta geroz eta maila altuagoarekin gainera, Lupe Olascoaga Hondarribiko Udaleko Turismo eta Merkataritza zinegotziak esan duenez. “Maila oso ona dago lehiaketara aurkezten diren saltokien artean”. Hasieran lauzpa bost zirela maila handiena zutenak, baina horien exijentziari jarraituz parte hartzen duten guztien maila igotzen ari dela urtetik urtera gaineratu du Olascoagak: “Hobetzen doaz denak, gustu gehiagorekin apaintzen dute erakusleihoa orohar, baliabide gehiagorekin…”. Lehiaketaren helburua merkataritza girotzea, jaien testuinguruan txertatzea omen da, eta bide batez, saltokiak ezagutaraztea.
Gogotsu omen daude dendariak, eta gustura udala lehiaketak jasotzen duen erantzunarekin. Batez ere Portua, Alde Zaharra eta Alamedako merkatariek egin ohi dutela bat lehiaketarekin esan du Olascoagak: “Gehienak bertako merkatariak dira, baina Amute-Mendelu inguruko bateren batek ere parte hartzen du, eta geroz eta gehiago”.
Lan izugarria hartzen duten zalantzarik ez du gainera Turismo eta Merkataritza zinegotziak. “Guk emaitza baino ez dugu ikusten, lanaren azkena, baina bitartean, batzuk neurri handiagoan eta besteak txikiagoan, esfortzua egiten dute erakusleihoa txukun eta goxo uzte aldera”.
Sari banaketa astelehenean
Datorren astelehenean, oraindik Inauterien barruan, sarituko ditu epaimahaiak erakusleiho onenak. Urtetik urtera aldatzen ditu udalak epaimahaiko kideak eta beti ere herriko eragileak deitzen dituzte mozorrorik onena aukeratzeko.
Diseinua hartuko du kontuan epaimahaiak erakusleiho irabazlea aukeratzeko garaian, baina ez hori bakarrik, sormena eta irudi komertziala zein produktuaren aurkezpena ere hartuko ditu kontuan. “Saltokiak dekoraziorako salgai dituen produktuak erabili dituen kontuan hartuko du epaimahaiak adibidez komertzioetatik pasatzen denean”, azaldu du Olascoagak.
Jaietan ere, lehiaketa
Guztira hiru sari banatuko ditu epaimahaiak. Lehena 450 eurokoa, bigarrena 300 eurokoa eta hirugarrena, 200 eurokoa. Udal areto nagusian izango da ekitaldia 19:30ean hasita, Inauterietako sari banaketa ekitaldiaren barruan.
Orain bost urte sortu zen lehiaketa antolatzeko ideia. “Merkatariekin hainbat ekintza egiten zituen udalak, baita gaur egun ere, eta iruditu zitzaigun badirela garai berezi batzuk halako kontuak ahalbidetzen dituztenak, Gabonak direla, Inauteriak direla…”. Horren harira eta ikusirik Gabonetakoa zein Inauterietako erakusleiho lehiaketa “errotzen” ari dela merkatarien artean, herriko jaiei begira halako beste lehiaketa antolatzea aurreikusi du udalak aurten. “Beste bien emaitza ikusita pentsatu dugu ideia ona izan daitekeela jaietan ere antolatzea, merkataritza ere girotzeko”.