Mercadonaren saltoki bat
Aurten ez. 2016an zabalduko dute Irungo Mercadona; Arasoko industriagunean jarriko dute, Txingudi merkataritza zentroaren aurre-aurrean. Mercadonako iturriek OARSO BIDASOKO HITZA-ri esan dionez, 40 lagun kontratatuko dituzte zuzenean 1.500 metro koadro izango dituen establezimendurako; horri zeharkako lanpostuak erantsi behar zaizkio. Langileen hautaketa prozesua oraindik ez dutela hasi esan du prentsa arduradunak, “dena zehaztuago dugunean hasiko gara horrekin”.
Behin Irungo Udalak Arasoko lur eremua merkataritza gunearentzako birkalifikatu ondoren, Mercadonak ateak zabalik ditu Irunen ezartzeko. Izan ere, EAEn 25 establezimendu irekitzeko asmoa du Valentzian jatorri duen etxeak, eta horietako bat da Irungoa. Iaz, Araban hiru Mercadona zabaldu zituzten, eta aurten, Bizkaian beste bi dira irekitzekoak. Gipuzkoan ere, Irungoaz gain, beste supermerkatu batzuk zabaldu nahi ditu saltokiak, “baina oraindik aztertzen ari gara non eta noiz zabaldu horiek”, Mercadonaren arabera. 2020ra arteko epea ezarri du 25 saltoki horiek zabaltzeko.
Mercadonak zehaztu duenez, Irungo zentroan ohiko supermerkatuek izaten dituzten gaiak salduko dituzte, «jakiak, garbiketarako gaiak eta horrelakoak. Ez dugu ez libururik, edo etxeko tresna elektrikorik salduko.
Mercadona Irunera iristeak aldeko eta kontrako iritziak sortu ditu.