'Irun-Hondarribiko gazteak hizketan: euskalkia eta euskara estandarra, gaur' izenpeko ikerketa garatuko du hondarribiarrak
Irantzu Epelde Loidi bekaren irabazlea
Jose Antonio Loidi bekaren irabazlearen berri eman dute gaur goizean Fernando San Martin Euskara delegatuak eta Iban Eguzkitza Euskara arloko zuzendariak. Arduradunek jakinarazi dutenez, Irantzu Epelde hondarribiarrak aurkeztutako
Irun-Hondarribiko gazteak hizketan: euskalkia eta euskara estandarra, gaur proiektuak irabazi du Loidi ikerketa beka.
Epeldek azaldutakoaren arabera, Txomin Sagarzazu 2004ko Loidi bekaren irabazlearen
Hondarribiko eta Irungo euskara ikerketari segida eman nahi dio. Haren arabera, 2005ean plazaratu zuten Irungo eta Hondarribiko udalek “guretzat –hizkuntzalarientzat– euskal dialektologian erreferentziazko liburu bat dena”.
San Martin Irungo Euskara delegatuak eta Kattalin Noblia Hondarribiko garaiko Euskara zinegotziak idatzi zuten liburuaren hitzaurrea eta Epeldek esan duenez, “euskara ordezkariek hitz bat eskaini zioten Loidi omenduari: ‘Euskararen alde egin zuen lanak segida izan dezala’. 10 urte geroago, hemen da segida”.
Ikerketaren nondik norakoak
30 eta 40 urte arteko gazteak ardatz hartuta garatuko du Epeldek ikerketa. Haren arabera, “hizkuntzak gizarte ekoizpenak diren aldetik etengabe aldatuz doazte, nahiz eta aldaketak ez diren hiztunen borondatez gertatzen”. Zentzu horretan, ikertzaileak uste du azken urteetan interes berezia piztu dela “azken hamarkadetako aldaketa soziologiko eta soziolinguistiko nabarmenek hizkuntzaren egituran ekar ditzaketen berrikuntzak bildu eta aztertzeko. Aldaketa horien bilakaera kontuan hartzea erabakigarria da hizkuntzaren barruko dinamikak ongi ulertzeko”.
Euskararen kasuan euskalkiak eta euskara batua landu izan direla hainbat ikuspuntutik gogora ekarri du, “baina euskararen errealitate soziolinguistikoa izugarri aldatu da azken 30 urteetan”. Haren ustez, hiztunen kopuruan emandako gorabeherek eta euskara gorde dutenen arteko transmisiorako baldintzek euskararen errealitatean aldaketak eragin ditu.
Hori horrela, helburua Hondarribiko eta Irungo hiztun gazteen argazki bat ateratzea dela adierazi du Epeldek, “denboran aldaketak nola doazen ikusteko. Interesgarria litzateke hemendik 10-15 urtera beste argazki bat ateratzea aldaketa horiek zein norabidetan doazen ikusi ahal izateko”.
Hortaz, 30 eta 40 urte arteko Hondarribiko zortzi pertsona eta Irungo beste zortzi elkarrizketatuko ditu, eta horiekin batera 70 urtetik gorako bi hondarribiar eta bi irundar, ondoren belaunaldien artean izandako aldaketak alderatu ahal izateko. Genero parekidetasuna mantenduko duela ere esan du ikertzaileak.
Hala, elkarrizketatu denek galdetegi bera erantzun beharko dute: 150 galdera gramatikari buruz, eta 100 gehiago lexikoaren inguruan. Elkarrizketak grabatu eta audio guztiak Irungo Udalaren webgunean zintzilikatuko dituela denon eskura egon daitezen erantsi du Epeldek.