"Zazpi urteko lanaren ondoren" aste honetan aurkeztu du Miguel Angel Paez Hirigintza delegatuak azken proiektua; urtarrileko plenora eramango du dokumentua bertan eztabaidatu eta "behin betiko onar dadin".

Paez Hirigintza delegatua iragan abenduko ez ohiko udalbatzarrean
2008an idazten hasitako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eztabaidatuko du Irungo Udalbatzak hil honetako plenoan.
2011ko martxoko udalbatzarrean eta
2014ko hil berean eztabaidatu zuten proiektua udal taldeek eta bi kasuetan, behin behinean onartu zen plana. Hainbat kritika eta zuzenketa aurkeztu zituzten udal alderdiek azken onarpenaren ondotik. Hil honetako udalbatzarrean aurkeztuko du Miguel Angel Paez Hirigintza delegatuak behin betiko proiektua, “onartua izan dadin”.
Dokumentua dagoeneko Bozeramaileen Batzordean eta Udal Plangintzarako Aholku Kontseiluan aurkeztu dute. Azken horrek udal taldeak, udal teknikariak eta hiriko eragile eta elkarteak biltzen ditu eta hainbat zuzenketa aurkeztu dituzten arren, “ez dute aldaketarik suposatzen proposatutako hiri ereduan”, Paezen arabera.
Hala, hainbat erakunde publikoren onespena behar izan du dokumentuak plenora eraman aurretik. Eta horrek zenbait “muga” ezarri dizkiola proiektuari adierazi du Paezek.
Hori horrela, delegatuaren ustetan “bideen eremua berrantolatzea hiri mugikortasunaren mesedetan, burdinbidearen espazioa berrantolatzea etxebizitza eta jarduera ekonomikoentzako lurzorua sortzeko, eta ingurumenaren babeserako irizpideak egokitzea” dira dokumentuaren ardatz nagusiak.