Urkijo, berriz ere Oiartzunen kontra hizkuntza irizpideen harira
Komunikazio eta akta ofizialak euskaraz bakarrik helarazteko erabakiari helegitea jarri dio Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, eta auzitara eramango du udala.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) jakinarazi duenez, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Oiartzungo Udalak hartutako erabaki baten kontra egingo du berriz ere, kasu honetan hizkuntza irizpideen gainean hartutako erabaki baten kontra. Oiartzunek erabaki zuen udalaren komunikazio ofizialak euskara hutsez egitea; horri helegitea jarri dio Urkijok, hau da, auzitara eramango du udala.
Oiartzunekin batera, Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oñati eta Usurbilgo udalak ere eramango ditu auzitara. Duela hilabete Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondorekin gauza berbera egin zuen.