Irungo lehen bilera hurrengo ostegunean izango da. Urepelen hasi eta Bilbon amaituko da 19. Korrika. Martxoaren 22an zeharkatuko ditu Hondarribia eta Irun, baina Irundik bezperan ere pasako da.
Martxoaren 19an abiatuko da 19. Korrika Urepeletik (Nafarroa Beherea) eta 11 egun geroago Bilbon amaituko da,
Euskahaldun leloa ahalik eta ibilbide luzeenetik eraman ondoren.
Bidasoko ibilbideak zehazteko, Korrika kulturala eskualdean antolatzeko, eta sortu daitezkeenak finkatzeko, bilera irekiak egingo dituzte Hondarribian eta Irunen, lehena aste honetan bertan, ostirala 16an, Zuloaga Etxean, 17:00etan.

Korrika Txikia, Hondarribian barrena
Irungo batzordearen lehen bilera hilaren 22an izango da, ostegunez, AEK euskaltegian, 19:00etan. “Batzar irekiak izango dira guztiak, euskaltzale guztiok senti daitezen Korrikaren parte, denok senti gaitezen euskahaldun”, esan dute antolatzaileek.
AEKren ekimena izanik ere, argi utzi dute herriz herri antolatzen diren batzordeak ezinbestekoak direla Korrika egin ahal izateko, eta dei egin diete Bidasoko pertsona eta elkarteei, Irunen eta Hondarribian sortuko diren bileretan parte hartzeko.
Aurten, asteburuan
Martxoaren 21ean eta 22an zeharkatuko du 19. Korrikak Bidasoa, asteburuan; hortaz, bi egunez izango da euskararen aldeko lasterketarekin bat egiteko aukera. 21eko eguerdian Irunen sartuko da, Oiartzungo Gurutzetik, eta Lesaka aldera jarraituko du.
Hurrengo egunean, igandea 22an, Pausutik iritsiko dira korrikalariak. Hendaia zeharkatu eta gero Santiago zubia pasatu eta hortxe hasiko da ibilbidea Irunen eta Hondarribian barrena. Aurten kilometro asko egingo ditu Korrikak Hondarribian, lekukoa lezoarrei emango baitzaie, Gaintxurizketan.